Hamargarrenez, inguruetako azoka agroekologiko handienetako bat hartuko du Gasteizek. Hilaren 21etik 23ra bitartean, BioAraba azoka izango da Iradier Arenan. Edizio honek ekoizpen ekologikoari, bizitza osasuntsuari eta kontsumo arduratsuari lotutako 75 erakusmahai inguru bilduko ditu. Bisitariek produktu ekologikoak, bidezko merkataritzako eskaintzak eta kontsumo arduratsuarekin lotutako zerbitzuak aurkitu ahal izango dituzte bertan. Azokak iaz 15.000 bisita baino gehiago izan zituen, eta sektoreko profesionalen eta kontsumitzaileen topagune izaten jarraitzen du.
Maria Nanclares Ekonomia Sustapen zinegotziak ekitaldiaren garrantzia azpimarratu du. Zinegotziaren hitzetan, BioAraba Gasteizko agendan sendotutako ekitaldia da, eta Europako 2030 Agendak ezarritakoaren ildotik doan "produktu jasangarrien aldeko apustu sendoa" egiten du. Kontsumitzeko modua aldatzen ari dela eta ingurumena errespetatzen duten enpresen kalitatezko proposamenek gero eta pisu handiagoa dutela nabarmendu du.
Azoka publiko guztientzat zabalik egongo da azaroaren 21ean, 11:00etatik aurrera. Ekitaldia erakunde nagusien babesarekin iritsiko da hirira: Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza dira babesle nagusiak. Horiekin batera, Vital Fundazioa, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua, eta hainbat enpresa zein argitalpen.