FRANKISMOA

Erregimenaren oinatza hirian

Juanma Gallego 2025eko azaroaren 18a

1953an egin zuen diktadoreak Gasteizerako lehen bisita. Argazkia: PHOTOARABA

Francok Gasteizera egin zituen bost bisitak diktaduraren etapen adierazgarri izan ziren, frankismoak hirian izan zuen eragina aztertu duen Virginia Lopez de Maturana historialariaren arabera.

Ia 40 urtez luzatu zen frankismoa, eta tarte luze hori, noski, oraindik zeharo errotuta dago egungo dinamiketan. Arabaren kasuan, diktadorearen beraren agerraldiak erabili daitezke garaia ulertzeko. Arabaren kasuan, Francisco Francok bost aldiz bisitatu zuen Gasteiz, baina hiriburua ez zen inoiz izan haren lehentasuneko jomuga: kontrara, iragaitzaz egindako bisitak izan ziren guztiak. Diktadoreak Arabako hiriburuan inaugurazioren bat izaten bazuen, Donostiatik etortzen zen udako hilabeteetan, edo Burgostik, eta bidaiaz baliatzen zuen geldiunea egiteko. 1945, 1947, 1953, 1964 eta 1969 urteetan izan ziren horiek, Virginia Lopez de Maturana historialariak azaldu duenez. Gaiaren bueltan liburu eta txosten ugari idatzi ditu. Besteak beste, Un dictador en Vitoria. La transformación de la ciudad a través de las visitas de Franco edota La reinvención de una ciudad. Poder y política simbólica en Vitoria durante el franquismo (1936-1975).

Bisita horiek analizatuz, historialariak dio horietan oso ongi ikusten dela nolakoa izan zen hiriaren eraldaketa. Hala, 1953ko lehen bisitan, diktadoreak gobernu zibila eta justizia jauregia inauguratu zituen. Baina, modu berean, bisitaren egun berean Radio Álava martxan jarri zuten. Mugimenduaren irrati kate baten parte zen irrati-etxea. Suposatzekoa da ez zela kasualitatea izan irratia egun horretan inauguratu izana, baina, lanbideari zuhurtziari helduta, historialariak dio momentuz ideia hori sustengatzeko duen agiririk ez duela aurkitu. Horretan ahaleginduko da, halere, etorkizunean, irrati horren artxibo osoa aurkitu duelako. "Emisio guztiak daude bertan, 1977 urtearen bueltan irrati-etxea desagertu zen arte", azaldu du, ahotsean igartzen zaiolarik zerbait oso esanguratsua duela esku artean. Dioenez, oso adierazgarria da artxibo hori; agiriotan ikusten da gidoiak nola bideratzen eta zuzentzen zituzten. Kasurako, kaudilloa agurtzera ehunka lagun etorri zirelako gidoia aldatu eta milaka izan zirela jarri zuten.

Gamarrako igerilekuetako egoera "surrealistatzat" jo du historialariak. Argazkia: PHOTOARABA

Irudietan jasoa

Garai historiko hau jorratzeko Lopez de Maturanak iturrien garrantzia babestu du, are gehiago oraindik ondo aztertu gabeko dokumentazioa dagoenean. NODO ikus-entzunezkoarekin beste horrenbeste gertatzen da, Arabaren esparruan apenas ez delako ikertu. "Aintzat hartu behar da diktaduraren lehen urteetan telebista ez zela existitzen, eta diktadorearen azken bisitaldietan ere guztiek ez zuten telebista etxean. Propagandaz harago, herritarrek zineman zenbait albiste ezagutzeko parada izaten zuten NODOarekin".

"Egoera bat azaltzeak ez du suposatzen gauzak justifikatzea". Virginia Lopez de Maturana

1964ko bisita 'Bakearen 25 urteak' Manuel Fragaren Informazio eta Turismo Ministerioaren propaganda kanpainarekin batera izan zen. Horren bitartez, Gerra Zibilaren amaieraren mende laurdena ospatu nahi izan zuten frankistek. "Erregimenak ez zuen bere burua sustengatzeko beste oinarririk: gerra batean garaipena". Halere, dagoeneko Gasteiz oso hiri bestelakoa zen. "Bertoko autoritateen lanaren ondorioz, industrializazio prozesu indartsu bat gertatu zen, eta horrek ekarri zuen Europa osoan proportzioan gehien hazi zen hiria izatea", azaldu du adituak.

Egun horretan, besteak beste, Franco katedral zaharrean egon zen bisitan. "Frankismoak iraganaren berrinterpretazio historiko bat egin zuen Alde Zaharrean". Betoñuko industria aldean ere egon zen, eta Zaramagan hainbat etxe eman zizkien langileei, bertan argazkia ateratzeko.

Bisitaldi horretan, Gamarrak egindako agerpena "guztiz surrealista" izan zen, historialariaren esanetan. "Argazkietan jendea bainujantzian ageri da, eta hor azaltzen da Franco, bere autoarekin eta segizioarekin. Aurrera egiten ari den gizartearen eta erregimenaren arteko kontraste handia dago argazki horietan, gizartea ez zelako geratu Gerra Zibilean. Pentsa, lasai asko bainatzen ari zara, eta, bat-batean, diktadore bat agertzen zaizu!".

Argazki berdina

Komunikazioaren alorrean zeharo esanguratsua den zerbait gertatu zen. Izan ere, garaiko prentsak 1953an egindako bisitaren argazki bera erabili zuen 1964ko bisitaren berri emateko. Historialariak argi ikusten du horren arrazoia zein izan zen: erregimenak ez zuen erakutsi nahi diktadorearen zahartzea. "Diktadura guztietan buruzagiaren irudia goraipatzen dute, eta, modu honetan, nolabait erregimenaren narriadura ikusi ez zedila lortu nahi zuten".

Bost urte geroago egindako azken bisitan are gehiago igartzen da Francoren narriadura. 1969an Gasteizko Katedral berriaren sagarapenera etorri zen diktadorea. "Handik urte gutxira Martxoak 3an hildako beharginen hileta elizkizuna hartuko zuen katedral berera, hain zuzen", gogora ekarri du historialariak. Azken bisita horren bueltan, gainera, orain arte ezagutzen ez zen testigantza grafiko berria aurkitu dute. "Laster ezagutaraziko dut kongresu batean ikus-entzunezko berri bat aurkitu dugula. Kasu horretan, irudiak ez dira propagandarako prestatuak. Bertan ikusten da kolorez eta soinuarekin Francoren azken bisita Gasteizera".

1960ko hamarkadan diktadura ireki egin zen, baina 1970ekoan berriz gotortu zen

Baina diktadorearen zahartzeaz gain, bisitek beste joera bat erakusten dute: erregimenaren gorabeherak irekitasunari dagokionez. Zentzu honetan, testuingurua oso garrantzitsua da. "1953ko lehen bisitan, Francoren diskurtsoa Gerra Hotzari lotuta egon zen. Baina, aldi berean, erregimena pixkanaka irekiz joan zen, beste erremediorik ez zuelako". Hala, erregimenak jakin bazekien bizirauteko Europarekiko harremanak indartu behar zituela. Irekitasun hau are agerikoagoa izan zen 1960ko hamarkadan. Alabaina, autoritarismoek izan ohi duten mugimendu pendular horietako batean, 1970ko hamarkadan frankismoa berriro ere gotortu egin zen. "Burgosko prozesuaren urteak dira, eta diktadurak indar erakustaldia egin nahi izan zuen".

Frankismoaren mamuak

Frankismoaren aztarna agerikoenak desagertu dira hiritik, baina, modu berean, garai horretan esanguratsuak izan ziren zenbait leku eguneroko paisaiaren parte dira. Horietan, Lopez de Maturanaren lanean oinarrituta, udalak hainbat plaka jarri ditu, bertan gertatutakoa ahaztu ez dadin.

Horietako bat Santa Isabel hilerriko murrua da. Bertan, Errepublikarekiko leialtasuna mantentzeagatik 33 lagun fusilatu zituzten 1936 eta 1945 urte tartean. Manuel Iradier kaleko Karmen elizan, berriz, Gerra Zibilean komentuaren zati bat atxiloketa gune bihurtu zuten faxistek. Beste horrenbeste egin zuten Bihotz Sakratuaren eskolan, baina kasu horretan, emakumeentzako atxilotze gune gisa baliatu zuten.

Dagoeneko desagertu den leku bat ere jasota dago ikerketan: Bake kalean egon zen kartzela zaharretik atera ziren Azazetan 1937an fusilatuko zituzten hamasei lagunak. Bertan ere, plaka batek gertakari horiek ekarri ditu gogora.

Horietarako guztietarako, leku horiei beste esanahia bat ematearen aldekoa da historialaria. Udalarentzat landutako txosten batean, Olagibel kaleko Gobernuaren Ordezkariordetzaren egungo eraikinean zegoen frankismoaren garaiko armarria testuinguruan jartzeko gomendioa eman zuen. Espainiako Gobernuak, berriz, iaz kentzea erabaki zuen. Oro har, historia testuinguruan jartzearen aldekoa da.

"Ez bada diktadoreari edo diktadurari gorazarre nabarmen bat, ni beste esanahi bat ematearen aldekoa naiz. Izan ere, ikusten ari gara zer gertatzen den iragan hori estaltzen saiatzen zarenean. Iragan hori itsusia da, bai, baina gizakiak bere akats guztiak onartu behar ditu", arrazoitu du.

"Gizartearen eta erregimenaren arteko kontraste handia dago". Virginia Lopez de Maturana

Lopez de Maturanaren azalpenetan igartzen da jarrera hori babesteak buruhausteak ekarri dizkiola. Azken asteotan bereziki hedabideen eskaera ugari jaso ditu elkarrizketak egiteko, baina ezetz esan die, kontuaz ahituta. "Tira, gauzak azaltzea edo esanahi bat emateak ez du suposatzen justifikazio bat, inondik inora", azaldu du. "Historialariok historia azaldu behar dugu, eta hori are eta beharrezkoagoa da garai hauetan". Bereziki kezka agertu du zenbait gazteren artean diktadura leuntzeko edo eztitzeko ikusi dituen jarreretan. "Entzuten diezu esaten iragan hori agian ez zela horren itsusia, eta hori oso arriskutsua da. Horregatik, jendeari azaldu behar zaio zer den diktadura bat, errepikatu ez dadin, baina hori ezin daiteke konpondu historia estaliz". Testuingurua askoz zailagoa da gehiegizko informazioa daukagun honetan. "Hori ere bada zentsura egiteko modu bat".

Olarizu, polemika iturri

Hirian gaiaren bueltan berriki egon den polemika bat norabide berean doa: Olarizuko gurutzea. Horren inguruan "oso irakurketa presentista" egin dela dio Lopez de Maturanak. Adituaren jarrera ondo babestuta dago dokumentazioan. Dioenez, gurutze hori euskal nazionalismotik gertuko hainbat familiak bultzatu zuten. "Ez da erorien aldeko gurutze bat. Beste kontu bat da gero gobernadoreak eman nahi izan zion esanahia", argitu du. "Aintzat hartu beharra dago euskal nazionalistek eta diktadurari lotutako jendeak espazioak partekatzen zituztela, katolikoak zirelako". Olarizuren kasuan, aita santuak bultzatutako Misio Santuaren inguruan egindako gurutze baten berrinterpretazio bat egon zen. Are, historialariak Gasteizko Gotzainaren agiri bat aurkitu du Vatikanoaren artxiboan, eta bertan erlijio gizonak azaltzen zuen gobernadore zibila nolakoa zen, eta zer egin zuen.

Bake kalean zegoen espetxetik atera zituzten Azazetan fusilatutako lagunak. Argazkia: PHOTOARABA

Kale izendegia polemikarako bidea irekitzen duen beste faktore bat da. "Aintzat hartu behar da kaleak izendatzeko pertsonen izenak erabiltzea beti arazoak ekar ditzakeela. Henrike Knörrek zioen AEBetan bezala egin behar genuela, kaleei loreen izenak jarrita". Honetan ere, testuingurua ulertzeko beharra aldarrikatu du, bai eta "didaktika" asko egin egin behar dela babestu ere. "Diktaduran kargu bat izan zuten pertsona guztiek ez zuten errepresioan parte hartu", babestu du.

Ibilbide konplexuak

Carlos Saenz de Tejada margolariaren adibidea jarri du, Ateneo Republicano elkarteak Gasteizko kale izendegitik kendu nahi dituen bost kaleetako bat baitu orain margolariak. Frankisten propaganda zerbitzuarentzat lan egin zuen Gerra Zibilean. "Baina bada jendea esaten dizuna ez dakit zenbat lagun fusilatu zituen, haren ibilbidea ezagutu gabe", kexu mintzo da Lopez de Maturana. "Kaleko jendeak ikusten duenean norbait kalea kentzen diotela, interpretatzen du errepresioan parte hartu zuela. Oraindik didaktika asko egin behar da honekin. Gainera, gauza oso konplikatua da, pertsonok ibilbide konplexuak ditugulako, eta ez gara ez zuri ez beltz".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago