Arabako Foru Aldundiak 727 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko azaroaren 13a

2026ko aurrekontuak aurkeztu dituzte gaur. Argazkia:AFA

Ekonomia eta enplegua, gizarte politikak eta lurralde kohesioa dira aurrekontuaren ardatz nagusiak Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak azaldu duenez.

Arabako Foru Aldundiak 2026. urterako aurrekontu proiektua aurkeztu du, guztira 727 milioi eurokoa, hau da, aurten baino %3,5 gehiago. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu diputatuarekin batera adierazi duenez, lurraldeko "historiako kontu sozialenak" dira, eta "gizarte politikak eta garapen ekonomikoa indartzea" dute helburu.

Gonzalezek azpimarratu duenez "Araba Estatuko buru da biztanleko gastu sozialean, 930 euro urtean" eta aurrekontuetan apustu horri eutsi diotela azpimarratu du; izan ere, Gizarte Politiken arloak aurrekontu osoaren %41,20 bilduko du, 299,5 milioi euro, batez ere Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearentzat, eta haren zenbatekoa %7 hazi da 289,6 milioiraino. 

Samaniego egoitza irekitzea, Laudioko desgaitasun-zentroa martxan jartzea edo berehalako bi harrera-zentro irekitzea dira abian jarriko diren proiektuetako batzuk. Gizarte arloak, berriz, 5,77 milioi euroko inbertsioak egingo ditu, besteak beste, Amurrioko adinekoen egoitzan eta Etxebidean edo Ekipamenduetan, Egoitzen Laguntza Integrala proiektuaren barruan.

Foronda indartzea

Bestalde, enpresen lehiakortasuna sustatzeko eta ekonomian eragiteko 63 milioi gorde dira, lehiakortasuna, berrikuntza eta proiektu estrategikoetan inbertsioak bultzatzeko partidak aurreikusiz, hala nola Ardoaren Bikaintasunerako Zentroa (4,67 milioi), eta Automobilgintzako Fabrikazio Aurreratuko Ikerketa Zentroa (1,25 milioi).

Forondako aireportua indartzea ere aurreikusi du foru gobernuak, 1,4 milioiko inbertsioarekin, eta BAM Fabrikazio Aurreratuko Ikerketa Zentroa egiten jarraitzea (1,2 milioi). Baita ere beste sektore batzuei emandako bultzada aipatu du, besteak beste, "Araba bikaintasuneko helmuga iraunkor eta irisgarri gisa sendotzea", 3,6 milioi inbertituz, horietatik 1,95 milioi Turismo Adimendunaren Plataforma abian jartzeko; eta beste 0,7 milioi euro bideratuko dira tokiko merkataritza sustatzera eta artisau sektoreari laguntzera.

Lurralde kohesioaren bultzada

Lurralde kohesioari dagokionez, toki erakundeen finantziazioak gora egingo du eta 388,1 milioiko "zifra errekorrera" iritsiko da, iaz baino 30,7 milioi gehiago, eta dagoeneko 1.144 euro dira biztanleko eta urteko.

Ingurumena babesteko eta zaintzeko eta mugikortasun iraunkorra sustatzeko 115,4 milioiko baliabideak esleitu dira. Eremu horretan sartzen dira hondakinen kudeaketa (15,3 milioi), horien artean tamaina handiko plantaren eta konpostajearen eraikuntza, uraren ziklo integralaren hobekuntza (9,6 milioi), klima aldaketari aurre egiteko ekintzak (7 milioi) eta baso kudeaketa (4,4 milioi).

Aldundiak 51,4 milioi euroko partida izango du "mugikortasun jasangarriagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa finkatzeko". Kapitulu honetan hiru jarduera nabarmentzen dira: garraioaren eta bidesarien finantzaketa (15 milioi), bide azpiegituren mantentzea (12,3 milioi) eta beste 23,6 milioi inbertsioetarako. 

Negoziatzeko beharra

Hala ere, foru gobernuak (EAJ-PSE-EE) oposizioko talde batzuen (EH Bildu, PP edo Elkarrekin) babesa behar du 2026ko kontu publikoak aurrera ateratzeko, gutxiengoan gobernatzen baitu Arabako Batzar Nagusietan. Ildo horretan, hiru alderdi politikoekin negoziatzeko prest dagoela berretsi du Arabako ahaldun nagusiak. 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago