Dulantziko San Martin aztarnategian egindako kanpainetan azaleratutako materialen lagin batek toki iraunkor bat dauka dagoeneko Bibat Arabako Arkeologia Museoan. Zehazki, erakusketa iraunkorraren hirugarren solairuan paratu dute beira arasa berria. Bertan, Miguel Loza eta Javier Niso arkeologoek 2009 eta 2014 bitartean egindako indusketetan berreskuratutako pieza nabarmenetako batzuk daude.
Historiaurretik XXI. mendera artekoak dira aztarnategi horretan aurkitutako materialak, baina esanguratsuenak VI. mendearen bigarren erdian eraikitako eliza handi batenak dira. Eliza hori bereziki esanguratsua da, aldundiak ohar batean nabarmendu duenez, zuzeneko lotura ezartzen duelako ehorzketa lekuaren eta zonako liturgia kristauaren lehenengo adierazpenen artean.
Horrez gain, eliza paleokristaua gako bihurtu da azken urteetan euskalduntze berantiarraren hipotesia mamitzeko, Joseba Abaitua edo Mikel Martinez Areta bezalako adituek behin baino gehiagotan proposatu dutenez.
Piezen artean, museoko arduradunek elizako leihoetako bat ixteko balio zuen sareta zati bat —ANELLO izena eta MISERELO ezizena irakur daitezke— eta zilarrezko bi koilara nabarmendu dituzte. Azken hauek ustez kristau liturgiari lotuta daude: jabearen izena izan daitekeena (AGRECI) eta Teseo Minotauroren aurka borrokatzen irudikatzen duen eszena bat, mitoaren "kristautzearen lehen irudikapenetako bat" izan daitekeena, Kristok Deabruaren aurka duen borroka irudikatzen baita.
