Atzo izandakoaren antzeko agertokia izango dugu gaurkoan: hodei gutxi zeruan, erdi eta goi mailako hodeiak izanik. Haizeak haserre jarraituko du, bolada gogorrekin, eta hego-ekialdeko osagaian finkatuta. Hori dela eta, abisu horia eman dute, baso sute arriskua eta haizeagatik: arratsaldean 80 km/h-ko abiadura gainditu dezakete ufadek. Tenperaturen aldea 9 eta 19 gradu artekoa izango da Gasteizen.
Ostegunak ere bide beretik egingo du, zerua tarteka hodeitsu egonda, erdi eta goi mailako hodeiekin. Hego edo hego-ekialdeko haize bizia izango dugu, oraingoan ere bolada nahiko gogorrak izango dituena. Tenperaturetan ez da ia aldaketarik izango, 10 eta 19 gradu artean geratuko baitira.