'Konkista' disko berriarekin dator ETS

Anakoz Amenabar 2025eko azaroaren 11

Azaroaren 30ean izango da kontzertu berezia, Buesa Arena pabiloian. Argazkia: ETS

Seigarren diskoa aurkezteko, kontzertu berezi eta bakarra eskainiko dute hilaren 30ean, Buesa Arenan.

Azken lana kaleratu zutenetik hiru urte igaro ostean, Konkista disko berriarekin dator ETS, "kaos emozionaletik" sortutako kantekin. Abenduaren 5ean kaleratuko dute, baina aurretik kontzertu berezi bat eskainiko dute Gasteizen; azaroaren 30ean, Buesa Arenan.

Taldearen orain arteko proiekturik pertsonal eta abangoardistenarekin datoz, taldekideen esanetan, "mugarri berri bat" ezartzeko asmoarekin. "Konkista kontrastez beteriko lana da, non emozio mingarriak, zauriak eta orbainak bizitza ulertzeko ezinbesteko bihurtzen diren". Seigarren lana "bizitzaren irudikapen zintzoa da, kontraesanez eta anbibalentziaz betea; kaos emozionaletik sortutako diskoa, barneko konkista baterantz aurrera egiteko ditugun orbainak ulertzen saiatzen dena". Hala, mundu guztiak bere lekua aurkituko duen babesleku bihurtu nahi dute.

Kontzertu bakarra

Konkista azaroaren 30ean, 18:00etan, aurkeztuko dute Buesa Arenan, lehenengo aldiz eta behin bakarrik, Arabako Foru Aldundiaren babesari esker posible izan den ekitaldi berezi batean. Azaldu dutenez, bere komunitateari oparia egin nahi diote aurkezpen honekin, diskoa beste inorekin baino lehenago partekatzeko eta taldearen eskutik kantu bakoitzaren atzean dauden istorioak eta emozioak ezagutzeko. Gainera, proiektuarekin batera doazen ikus-entzunezkoak ere estreinatuko dituzte ekitaldian, eta publikoarekin interakziorako uneak egongo dira. 

Kontzertuak prezio sinbolikoa eta plaza mugatuak izango ditu. Sarrerak azaroaren 13an egongo dira eskuragarri, 11:00etan, Last Tourren webgunean eta aurresalmenta esklusibo bat egongo da ETS komunitatearentzat azaroaren 12an, 11:00etan.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago