Sinadura bilketa hasi dute, Gasteiz kanpoko arabarrentzat TAO berezia ezartzeko

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko azaroaren 11

TAOren zabalpenak arazoak biderkatu ditu. Argazkia: J.GALLEGO

TAO bereizgarri bat jartzeko eskatu dute Arabako herrietan bizi diren lagunek, Gasteizko landa eremuko herrietan dituzten antzeko baldintzetan.

Gasteizko TAO eremuaren zabalpenak traba gehiago ekarri ditu Arabako herrietan bizi eta Gasteizen lan egiten duten herritarrentzat. "Bidegabekeria" hori dela eta sinadura bilketa hasi dute Change.org plataforman hainbat bizilagunek TAO bereizgarri bat ezartzeko eskatuz, "Gasteizko landa eremuetako baldintzen antzera".

Udaletik proposatutako alternatiba batzuk —hala nola 4 edo 8 orduz aparkatzeko aukera ordainduta— ez dituzte egokitzat jo, "egunero lantokira joateko kostua onartezina" delako.

Halaber, azpimarratu dute eremu berrietan bizilagunentzako eta erabiltzaileentzako aparkalekuak soberan daudela, plaza huts asko ikus daitezkeelako egunero. "Eremu horietan negozioa duten autonomoei garraioaren beharra aitortzen zaien bezala, landa eremuetako bizilagunek gure ibilgailuetan gure lanetara joateko premia bera dugula aitortu behar zaigu", esan dute

Garraio publikoa eskasa

Landa eremuetan bizi direnek salatu dute eskualde garraioaren maiztasuna ez dela nahikoa: "Gasteizko barne garraioaren maiztasunak 5 eta 20 minutukoak dira gehienez; gure kasuan, ordea, autobusak ordubetetik behin datoz", azaldu dute.
 Gainera, auzo periferikoetan autoa utzi eta garraio publikoa hartzea "denbora bikoiztea eta auzoak ibilgailuz betetzea" dakarrela gaineratu dute, "ingurumen onurarik gabe".

Horregatik eskatzen dute gaur egun herrialdean dagoen mugikortasun arazoari "irtenbide erreala" emango dieten neurriak ezartzea, "hala nola eskualdeko garraio zerbitzuen maiztasuna eta ibilbideak hobetzea edo lanerako joan etorrien kudeaketa koordinatua egitea bi erakundeen artean".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago