Datorren ostegunean, 12:00etan, Araban dauden sakelako telefonoek alarma joko dute, egun eta ordu horretan Jaurlaritzaren SOS Deiak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak alerta simulakro bat bideratuko duelako, Artziniegako udalak aurreratu duenez.
Larrialdi edo hondamendi handiko kasuetan herritarrei abisuak emateko sistema da ES-Alert. Horren bitartez, telefono mugikorretara abisu bat bidaliko dute, alerta txistu bat igorriko duena. Alarmarekin batera, ordea, mezu lasaigarri bat igorriko dute, alerta hori proba bat besterik ez dela azalduz, eta ez benetako arrisku egoera bat.
Honako mezua irakurri ahalko da, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez:
112 SOS DEIAK EUSKADIK EGINDAKO ALERTA MASIBOEN AKTIBAZIO-PROBA
Larrialdi-hondamendi egoeren aurrean herritarrei telefono mugikorretara bidaliko zaien alerta-sistemaren proba-mezu bat da. Eskerrik asko. Mezua irakurri ondoren, sakatu Onartu pantailatik ezabatzeko.
Aurreneko aldia da horrelako proba bat Araban egiten dena. Orain arte, eremu txikiagoetan erabili izan da simulakroa. Kasurako, urriaren hasieran Balmasedan (Bizkaia) horrelako bat abiatu zuten.