Sidenor buru duen partzuergoak Talgoren herena erosiko du

Juanma Gallego 2025eko azaroaren 7a

Enpresak 400 inguru miloi euroko zorra du orain. Argazkia: TALGO

BBK eta Vital banku fundazioen eta Jaurlaritzaren Finkatuz funtsarekin osatutako partzuergoak 156 milioi euroan erosiko ditu akzioen %29,76.

Sidenor buru duen partzuergo publiko-pribatu batek Talgo enpresaren %30 erosteko akordioa lortu du, konpainiaren gaineko kontrola bereganatuz. Orotara, 156,7 milioi euroan erosiko dituzte akzioen %29,76. Hala, orain burtsan trenbide enpresaren akzioek duten balioaren ia bikoitza emango diote akziodunen zati bat biltzen dituen Pegaso sozietateari, akzio bakoitzeko 4,25 euro ordainduz. Uneotan akzio bakoitza 2,93 euroan dago —%7 igo da operazioa ezagutarazi eta ordu gutxira—; iazko otsailean hartu zuten akzioek azken hilabeteotako balio handiena, 4,78 eurora iritsita.

Zehazki, Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidentearen Clerbil sozietateak, Jaurlaritzaren Finkatuz funts publikoak eta BBK fundazioak erositako zatiaren %8,5 izango dute. Vital fundazioak, berriz, %4,2 izango du. Espainiako Gobernuak ere parte hartuko du operazioan, SEPI sozietatearen bidez 75 milioi euro jarriko baititu.

Aurtengo otsailean adostu zuten orain gauzatu den akordioa, baina zailtasun ugari egon dira tartean. Enpresak 400 miloi euro inguruko zorra du orain, eta RENFEk 116 milioi euroko zigorra ezarria zion ere, trenak berandu entregatzegatik. Bestetik, Jainaga ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo enpresa militar bati ustez Espainiako Gobernuaren baimenik gabe altzairua saltzeagatik.

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak gaur esan du akordioak ahalbidetuko duela "enpresa historiko bat berreskuratzea", eta sektore "estrategiko" batean "proiektu, egonkortasuna eta errotzea" ekarriko dituela. Ziurtatu du operazioak Ribabellosako fabrikako enplegua "babestuko" duela. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago