Volotea hegaldi konpainiak bere lehen hegaldiak inauguratu ditu Madril eta Bartzelonara Forondako aireportutik, "lehenengoak izango dira, baina ez azkenak", enpresaren esanetan. Aireportuaren garapenerako mugarri garrantzitsua dela adierazi dute, eta konpainiak epe luzerako egonaldia iragarri du, eskualdeko konektibitatea eta turismoa sustatzeko asmoz.
Launa hegaldi eskainiko ditu astero bi hiriburuetara: ostegunetan, ostiraletan, igandeetan eta astelehenetan. Asteburuko ihesaldiak egiteko egokitu dituzte ordutegiak. Hala ere, urtarrilean, Gabonetako oporrak kenduta, hegaldiak murriztuko direla iragarri dute, ostiral eta igandeetan Bartzelonara, eta astelehen eta ostiraletan Madrila, otsailaren 11ra arte.
Voloteak 23.000 eserleku eskainiko ditu 2025ean eta 110.000 2026an. Bartzelonako linea 156 eserlekuko Airbus A319 batekin egingo da, eta Madrilera 180 eserlekuko Airbus A320 batekin. Prezioak 20 eurotik gorakoak izango dira, data zehatzen arabera igo daitezkeenak; 40-70 euro artekoak izango dira gehienak. Konpainiak Errioxa, Nafarroa eta Burgos ere hartu ditu bere eragin eremutzat, eta "eskualdeko garraio eskaintza osatzeko" asmoa du.
Forondaren etorkizuna eta erakundeen eskaerak
Volotearen iritsierak aukera berriak ireki ditu Forondaren garapenerako. VIA (Vitoria International Airport) eta Arabako Diputazioak Aenari eskatu diote aireportuan inbertsio gehiago egiteko, 500.000 bidaiariko helburua lortzen denean. VIAko presidente Gregorio Rojok milioi bat bidaiariko helburua ezarri du, eta aireportuak eskualdearen benetako potentziala islatzea nahi duela adierazi. Arabarrei eskatu die Voloteari babesa emateko, izan ere, konpainiari hitzeman zion arabarrek errentagarri bihurtuko zutela enpresa Forondan sartu izana.
Hala, Volotea batu zaio Ryanair konpainiari Forondan zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresen zerrendan. Madril eta Bartzelonarako hegaldiez gain, Arabatik bidaiatu daiteke Sevilla, Alicante, Bergamo eta Bruselara. Apirilean Malaga eta Palmarako hegaldiak gehitzeko asmoa azaldu du Ryanairrek.