2021-2024 urte tartean lurraldean aniztasuna sustatzeko garatu duen estrategia berritu nahi du Arabako Foru Aldundiak, eta 2026-2029 aldirako beste programa garatuko du kuadrillekin elkarlanean. Halere, oraingoan programa horretan ez dira kuadrilla guztiak sartuko, aldundiak ez baitu ikusi bi kuadrillatan programa hori garatzeko "esparru" egokirik. Añana eta Gorbeialdea dira programatik kanpo geratuko diren kuadrillak. Hortaz, datozen lau urteetan Arabako Errioxan, Lautadan, Mendialdean eta Aiaraldean baino ez dute garatuko aipatutako programa.
Hala azaltzen da egitasmoa aurrera eramateko foru erakundeak atera duen lizitazioan. Bertan argudiatzen denaren arabera, aldundia Arabako immigrazioaren egoeraren diagnosia gaurkotzen ari da egunotan, eta orain arte kuadrillekin egindako lanaren balorazioa egin du.
Gai honen bueltan Arabako kuadrillek "errealitate, interes, behar eta une desberdinak" dituztela dio aldundiak; modu berean, kuadrillek daukaten "inplikazioa" ez dela berdina aipatzen du. Kontratazio publiko baterako agiria dela aintzat hartuta, foru teknikariek ez dute erabakiaren sakoneko arrazoietan sakondu, eta mugatu dira esatera oraingoan "lan proposamen errealistagoa eta zentratuagoa" egin nahi dutela estrategia berria planteatzeko. Iritzi diote aipatutako lau kuadrilletan baino ez dagoela "kulturartekotasunaren eta bizikidetzaren eremuan hausnarketa, ekintza eta koordinazioa hedatzeko esparrurik".
Aldundiak dio erabakiak ez duela suposatzen kanpo geratuko diren kuadrilletan kontua jorratuko ez dutenik, baina "beste ikuspuntu" batetik egingo dutela aurreratu du, haientzako plan espezifiko bat landuz.
Besteak beste, Berdintasun, Lankidetza eta Kulturartekotasun Zerbitzuak honakoak proposatzen ditu datozen urteetan lantzeko: diagnosi eta mapatzeak, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiarekin elkarlana, eskualdeko espazioak sortzea, beste zerbitzu eta eragileekiko koordinazioa, diskurtso eta jarrera arrazistak zabaltzen dituzten zurrumurruen aurkako jardunarekin jarraitzea, edota bereziki emakumezko etorkinei eta gazteei begira berariaz egindako esku hartzeak. Programa osoa garatzeko lizitazioak aurreikusi duen kostua 1.013.907 eurokoa da.