Azucarerak negozioa "deslokalizatu" nahi duela dio UAGAk

Juanma Gallego 2025eko azaroaren 5a

UAGAk dio Azucarerak azukre kanaberara bideratu nahi duela bere jarduna. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Erremolatxaren garraioaren kostuaren %70 nekazariek ordaindu beharko dute, laborea "guztiz bideraezina" bihurtuz.

Azucarera marka kudeatzen duen British Sugar enpresak erremolatxa lantzen duten nekazariei esan die hurrengo kanpainatik aurrera Toroko (Zamora) azukre fabrikara erremolatxak eramatearen kostuaren %70 haiek ordaindu beharko dutela. UAGA sindikatuaren esanetan, erabaki honen bitartez enpresak sektorea "botata" utzi du, eta laborea "guztiz bideraezina" bihurtu du.

Joan den astean bildu ziren enpresako arduradunak UAGArekin, nekazaritza sindikatuak gaur ohar baten bitartez ezagutzera eman duenez. UAGAren arabera, aurretik enpresak esan zien nekazariei erremolatxa Miranda Ebroko (Burgos) fabrikan ehotzeari utziko ziotela, baina garraioaren kostuak bere gain hartuko zituela. "Beste behin ere, Azucarerak ez ditu betetzen lehen sektorearekin dituen akordioak, aurrekoetan egin duen bezala", salatu du UAGAk.

Sindikatuaren ustez, erabaki horrekin British Sugarrek "praktikan" esan nahi duena da bertako hemengo erremolatxa "nahi ez duela". UAGAk egin duen kalkuluaren arabera, egungo prezioei garraio kostua eta sektoreak jasotzen dituen diru laguntzak gehituta, nekazariek hektarea bakoitzeko 1.000 euro baino gehiago jarri beharko lituzkete laborea ereiteagatik.

"Lotsagarritzat" jo dute "negozioa handitzeko laguntza publikoez baliatu den enpresa batek inolako eskrupulurik ez izatea laborariak abandonatzeko eta ekoizpena deslokalizatzeko". Ondorioztatu dute Azucarerak azukre kanabera fintzera bideratu nahi duela bere jarduna, beste horrenbeste egin duelako Andaluziako erremolatxarekin, eta iritzi diote ekoizpen mota horrekin azukrearen kalitatea "asko kaltetzen" dela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago