⛅ EGURALDIA

Itxura aldatuko du

Juanma Gallego 2025eko azaroaren 5a

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Haizete indartsuak espero dira, bai eta gau partean euri zaparradak ere. 

Atzo hasitako bidean segituko du asteazkenak: hodeiak eta ostarteak izango ditugu, eta gauarekin batera hodeitza dezente handituko da, euri zaparradekin. Hegoaldetik ufa egingo du Eolok, eta zenbaitetan bolada gogorrak izango ditu. Hori dela eta, Euskametek abisu horia eman du, 100 km/h-ra arteko boladak iragarrita. Termometroetan, 10 eta 17 gradu artean mugituko da galinstanoa.

Beste horrenbeste espero da ostegunerako, zeru hodeitsuekin eta noizean behineko zaparradekin. Oraingoan haizeak mendebaldetik egingo du, bolada gogorrak mantenduta, baina, informazio hau idaztean bederen, oraindik ez dute abisu horirik eman. Beherantz joango dira tenperaturak, 7 eta 17 gradu arteko aldearekin.

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago