Kuadrillen izenen inguruan aldundiak egindako azken arauak Arabako kuadrilla eta udalerrien izenak jaso ditu, Trebiñukoak salbu. Hala, atzo Arabako Aldizkari Ofizialean jasotako ebazpenaren ondorioz, atzotik orain arte Guardia-Arabako Errioxako Kuadrilla eta Aiarako Kuadrilla zirenak Arabako Errioxako Kuadrilla eta Aiaraldeko Kuadrilla dira ofizialki. Baina atzo argitaratutako arauak kuadrilla bakoitzak dituen udalerriak jasotzen ditu ere, eta, berariaz aipatu dute udalerrien izena "egokitu" egin dutela Euskal Autonomia Erkidegoan "indarrean dauden elebitasun irizpideetara". Arauaren euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan definitu dituzte zeintzuk diren udalerrien izenak.
Ohi bezala, orain arteko anabasa mantentzen da euskarazko zenbait izendapenetan, administrazioaren eta Euskaltzaindiaren irizpideak ez datozelako bat hainbat udalerritan. Euskaltzaindiaren izendapenarekin bat ez datozen udalerrien izendapen ofizialak honakoak dira: Burgelu (Euskaltzaindiaren irizpidearen arabera, Burgu), Bilar (Elvillar), Eskuernaga (Villabuena) eta Iekora (Ekora).
Azken hauek bi aldaera ofizial dituzten udalerrien taldekoak dira. Hots, horren arabera, idazkiaren hizkuntzaren araberako bertsioa erabili beharko litzateke teorian: El ayuntamiento de Lanciego afirma... edo Lantziegoko udalak dio... esaldietan, esate baterako. Aiara (Ayala), Bastida (Labastida) edo Gaubea (Valdegovía), batzuk aipatzearren.
Anabasa hau ulertzeko, aintzat hartu behar da Arabako udalerriek hiru motatako irizpideak erabili dituztela izendapen ofizialetan. Hala, euskaraz eta gazteleraz izenak beren izendapen ofizialean bateratuta dituzten udalerriak daude: Vitoria-Gasteiz, Oyón-Oion, Alegría-Dulantzi eta Peñacerrada-Urizaharra. Horiek dira, printzipioz, haien izen ofizialak.
Hainbat udalerrik aldaera bat baino ez dute aukeratu. Gehienek euskal bertsioaren alde, edo, bederen, egungo euskal grafiaren alde egin dute. Kasurako, Artziniega da izen ofiziala, bai euskaraz zein gazteleraz. Beste horrebeste egin dute, adibidez, Kuartango, Kripan, Okondo, Urkabustaiz edo Zuiako udalek. Badira ordea gaztelerazko aldaera baino erabiltzen ez dutenak ere. Elciego edo Zambrana dira horiek. Kasu hauetan, Euskaltzaindiak Eltziego eta Zanbrana hobetsi ditu. Kontrako norabidean, hainbat udalerrik Euskaltzaindiak onartu ez dituen aldaerak dituzte euskal izendapenetan, lehen aipatutako Ekora, Burgu, Villabuena edo Elvillar, kasu.
Izendapen bakarra duten zenbait udalerriren kasuan, azentu marka aintzat hartu behar da ere, eta horiek mantentzen dira bai gaztelerazko zein euskarazko bertsioetan. Hala, Euskaltzaindiaren arabera Armiñón edo Lantarón idatzi behar da euskaraz, baina marka kendu behar zaio deklinatzerakoan: Lantarongo udalak Lantarón herrira ongi etorria ematen dizue. Baina aintzat hartu behar da hau ez dela beti gertatzen. Hala, Lagranen izendapen ofizial bakarra Lagrán da, azentu markarekin, baina azentu markarik gabe doa Euskaltzaindiaren arabera. Kripan, berriz, azenturik gabekoa da, bai izendapen ofizialean zein Euskaltzaindiarenean.
Guardiaren kasuan ere, anabasa are handiagoa da, eta mantentzen da, aldundiaren azken ebazpenaren arabera: Guardia deitzen da Euskaltzaindiaren eta aldundiaren arabera, eta Laguardia EAErako Jaurlaritzak jasotako izendapenean. Udalak Laguardia izendapena erabiltzen du, eta Guardia "existitzen ez dela" babestu du egungo alkateak behin baino gehiagotan.