⛅ EGURALDIA

Eolok gogotik egingo du

Juanma Gallego 2025eko azaroaren 4a

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Haizete indartsuak izango ditugu, batez ere bihar: abisu horia iragarri dute. 

Hodeiak eta ostarteen arteko oreka izango dugu gaur, baina egunaren amaierako oreka hori apurtu eta hodeitza gailenduko da. Haizeak hegotik egingo du, bolada gogorrekin. Gaurkoz Araba kanpo geratzen bada ere, EAEren isurialdean abisu horia daukate gaur, hain zuzen, baso sute arriskuagatik. Gasteizen 6 eta 20 gradu arteko tenperaturak espero dira.

Bihar hodei eta ostarteen dantza hori mantenduko da, eta gauean dezente hodeituko da, zaparradak izateko arriskuarekin. Haize indartsua izango dugu, abisu horia ezarrita egongo delarik: Euskalmeten arabera, haizeguneetan 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haize boladek. Tenperatura maximoek zertxobait jaitsi eta minimoak igoko dira, eguneko alde termikoa 10 eta 17 gradu artean geratuz.

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago