Paisaietatik bidaia, Arabako Arte Ederretan

Anakoz Amenabar 2025eko azaroaren 3a

Apirilaren 12ra arte izango da erakusketa. Argazkia: AFA

Erromantizismotik gerraostera arte euskal paisaia aztertzen duten ia 50 lan bildu dituzte 'Hurbileko paisaiak' erakusketan.

Hurbileko paisaiak erakusketa aurkeztu du Arabako Arte Ederren Museoak, bere bildumako ia berrogeita hamar lanekin. Bertan, Euskal Herrian jaiotako edo bizi izan diren artista askoren lanak ikus daitezke, nagusiki euskal paisaiak irudikatzen dituztenak, baina baita inguruko lurraldeetakoak ere. 

Paisaia generoak artearen historian leku garrantzitsua izan du, eta erromantizismoan hartu zuen bere autonomia artistikoa. "Garai hartatik aurrera, artistak naturarekin harreman emozional eta pertsonalago bat adierazten hasi ziren, paisaia erabiliz beren sentimenduak, pasioak eta nortasuna islatzeko", gogoratu dute aurkezpenean. Euskal Herrian, paisaia pintura XIX. mendearen bigarren erdian garatzen hasi zen, burgesiak gora egin zuenean eta artelanak etxeak apaintzeko eskuratzen hasi zenean. Garai horretan, pinturaren genero honek indar handia hartu zuen, eta euskal artisten artean estilo ugari agertu ziren, akademizismotik inpresionismoraino.

Erakusketa honek hiru atal nagusi ditu: XIX. mendeko pintura, Gerra Zibilera arteko tradizio eta abangoardiak, eta gerra osteko agertokia. Guztira 39 artistaren lanak biltzen dituzte, estilo eta ikuspegi askotakoak, paisaia mota desberdinetan banatuta: naturalak, hirikoak, itsasokoak eta industrialak.

Erakusketa 2026ko apirilaren 12ra arte ikusi ahal izango da, paisaiaren bilakaeraren ikuspegi zabala eta aberatsa eskainiz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago