Unitate didaktiko berritua aurkeztu du Martxoak 3 elkarteak

Anakoz Amenabar 2025eko urriaren 31

Borinquen Martinez Telleria eta Miren Rodrigo Argote irakasleek garatu dute proiektua. Argazkia: M3

2014. urtean egindakoa berritu eta askotariko materiala bildu dute webgune batean.

Unitate didaktiko berria aurkeztu du Martxoak 3 elkarteak, Borinquen Martinez Telleria eta Miren Rodrigo Argotek sortua Irale programaren barruan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako Komunitaterako Proiektuak ikasgaian erabiltzeko prestatu dute, 2014ko materiala berritu, osatu eta irakasleen lana errazteko asmoz.

Oraingo bertsioak webgune batean bildu du materiala: komikia, galdetegiak, Vitoria, 3 de marzo pelikula, aurkezpenak eta testu teorikoak. Aurreko materialak eta Xabier Sagastaren irudiak ere erabili dituzte berrikuspenean, baliabide ugari eta digitalagoak eskainiz.

Proiektuaren helburua da 1976ko martxoaren 3an Gasteizen gertatutakoa ikasleekin lantzea, giza eskubideen urraketa eta memoria historikoa oinarri hartuta. Gainera, ikasleen ikerketa lanen ondorioz sortuko diren testingantza bildumak ezagutarazi eta gaiaren inguruko sentsibilizazioa sustatzeko erabiliko dute. Halaber, mailen arteko elkarrekintza ere bultzatzen dute proposamen honen bidez, 4.mailako ikasleek 2.mailako ikasleen aurrean aurkeztuko baitituzte ikerketen emaitzak.

Martxoak 3 elkarteak nabarmendu du horrelako ekimenek memoria bizirik mantentzen laguntzen dutela belaunaldi gazteen artean. "Elkartearen funtsezko ardatzetako bat da belaunaldi gazteenei azaltzea zer gertatu zen 1976ko martxoaren 3an. Bisitei eta horrelako materialei esker, memoria bizirik mantentzea lortu dugu", nabarmendu du Martxoak 3 elkarteko Amaiur Arbek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago