Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eskubidea aldarri izan dute gaur Gasteizen, Donald Trumpek Nazio Batuen Erakundean aurkeztu duen ebazpen zirriborroaren kontra, Marokoko autonomia bat izatea lehenesten duen ekinaldiaren kontra.
Andre Maria Zuriaren plazan egindako elkarretaratzean nabarmendu dute, Fronte Polisarioaren hitzak ekarriz, AEBen zirriborroak Marokoren 2007ko autonomia plana lehenesten duela, eta lurraldearen etorkizuna erabakitzeko "funtsezko tresna den autodeterminazio erreferenduma" baztertzen duela. Antolatzaileek irakurritako manifestuan nabarmendu dutenez, baztertu egiten dute "beren borondatearen kontra edozein konponbide inposatzeko saiakera", eta autodeterminazioa ez den beste alternatibarik ez dutela onartuko azpimarratu dute. Era berean, antolatzaileek dei egin diete Europako erakundeei "nazioarteko legalitatearen bidera itzul daitezen" eta euren etorkizuna erabakitzeko kanpoko botereei autoritate morala edo politikoa ukatu diezaieten.
Independentzia bai, autonomia ez mezua zabaldu dute manifestariek, Saharako banderak soinean, eta autodeterminazio erreferendumaren agindua ezerk ezin duela ordezkatu aldarrikatu dute. "Gure borroka ez da negoziatzen. Gure duintasuna ez da erosten", esan dute, eta adierazi autonomia okupaziopean ez dela inoiz bakea, "menpekotasuna baizik".
