Arabako Batzar Nagusiek EH Bilduren proposamena onartu dute sorkuntza artistikoaren sari bat sortzeko, "sektore artistikoaren sormena eta lana laguntzeko akuilu gisa". Mozio berean, aldundiari eskatu diote Amarika aretoan sortzaileen lana garatzeko zentro bat sustatzeko, legegintzaldia amaitu baino lehen.
EH Bilduren mozioaren arabera, aretoaren kudeaketa eredua "sektore artistikoarekin batera erabakiko da" eta kulturaren plan estrategikoaren barruan, aretoa berpizteko eta erabilera kulturalerako plan bat diseinatuko da.
Horrekin batera, Sortzaileak saria sortzea eskatu diote aldundiari. EH Bilduk azaldu duenez, sari honek hainbat arlo izango lituzke: literatura eta grafika (komikia, gidoia, liburuen ilustrazioa, entseguak...), arte eszenikoak (dantza eta antzerkia), arte plastikoak (eskultura, pintura, ilustrazioa), musika, arte bisual berriak (digitala, argazkigintza, bideoartea...).
"Artisten garapen profesionala bermatzeko, sormena lantzeko eta goraipatzeko, ezinbestekoa da lanerako motibazioa lantzea eta sektorearen prekarietateari aurre egitea", esan du Estitxu Martinez de Iturrate EH Bilduko batzarkideak.