Diputazioaren laguntzaren bitartez landa eremuan lan egin ahal izateko programan partu hartu duten hemezortzi gazte aurkeztu dituzte, joan den ostiralean Gasteizko Probintzia plazan egindako ekitaldi batean.
Ohar batean foru erakundeak adierazi du 'Biharkoak' deitu duten ekitaldi horren bitartez "landa eremuari lotutako bizitzaren alde egin dutenen lana ikusarazi" nahi izan duela.
Orotara, eta aldundiak emandako datuen arabera, azken deialdian aldundiak 870.000 euro bideratu ditu programarako; hots, batez bestean, 48.330 euro inguru nekazari edo abeltzain berri bakoitzeko. Horrez gain, aldundiak azaldu du beste 4,4 milioi euro bideratu dituela ustiategiak "modernizatzeko".
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak ziurtatu du landa eremuak "erreleboa" daukala, eta gazte horiek direla "lehen sektoreak etorkizuna izaten jarraituko duela bermatuko" dutenak. Agintariaren aburuz, "egoera aldakor" honetan "konstante bakarra" aldundia da, "beti lehen sektorearen ondoan" dagoelako.
Horrekin batera esan du ekoizpenetik harago doan kontua dela lehen sektorea. "Lurraldea da da, kultura da, jasangarritasuna da", adierazi du Gonzalezek. Azpisektore batzuentzat urte "zaila" izan dela nabarmendu du, hala nola mahastizaintzarentzat edo erremolatxarentzat, "kostu presio" handia jaso dutelako, baina behi aziendaren "dinamismoa" ere goraipatu du.