Salatu dute indarkeria matxistaren biktimen arretako murrizketek emakumeak arriskuan jartzen dituztela

Erredakzioa 2025eko urriaren 24a

CARMEkoek aldundiaren kanpoaldean egindako protesta, uztailean. Argazkia: ALEA

CARMEko langileek aldundian hitza hartu dute, zazpi langileren kaleratzea eta zerbitzuaren "zapuztea" salatzeko. Aldundiak ONCEren sari bat jaso du aste honetan, zehazki CARME zerbitzuagatik.

Gasteizko CARME zentroko langileek agerraldia egin dute ostegun honetan Arabako Foru Aldundiko Politika Sozialen batzordean, salatzeko murrizketak egin nahi dituztela indarkeria matxistaren biktimak  artatzeko zerbitzuan. ESK sindikatuaren babesarekin, langileek ohartarazi dute zerbitzuaren kalitatea eta emakumeen segurtasuna arriskuan jarriko direla aurrekontu berriak aurrera eramanez gero.

Aldundiak maiatzaren 31n argitaratu zuen kudeaketarako plegu berria indarkeria matxistaren biktimen egonaldi ertaineko harrera zentrorako, CARME zentroa, gaztelerazko siglengatik. Pleguan adostutakoa baina diru gutxiago bideratzea aurreikusten zen, %30eko murrizketa 2025erako onartutako aurrekontuaren aldean. Zazpi langile kaleratzea da aldundiaren asmoa, egungo plantillaren %38, eta arreta zuzena emateko gaitasuna murriztuko luke nabarmen, langileek salatu dutenez. Zerbitzuan egun 16 profesionalek egiten dute lan, kudeatzaile eta sukaldariez gain, baina plegu berriak ia erdira murriztuko luke langile kopurua.

Langileek salatu dutenez, egoera honek ez ditu soilik lanpostuak arriskuan jartzen, baizik eta, "batez ere, zapuztu egiten du" indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei eta haien familiei arreta duina emateko aukera . "Ezin zaie 17 pertsona baino gehiagori arreta egokia eskaini txanda bakoitzeko profesional bakarra egonda", adierazi dute. Are gehiago, ohartarazi dute emakume horiek bereziki egoera zaurgarrian daudela, eta arreta intentsiboa eta espezializatua behar dutela euren bizitzak berreraikitzeko.

CARME zentroak 2020an ireki zituen ateak, eta hasieran lau emakume eta haien familiak hartzen zituen. 2023an, eskaeraren gorakadari erantzunez, bigarren etxebizitza bat zabaldu zen eta zazpi emakume eta haien familiak artatzeko gaitasuna lortu zen. Hala ere, 2024an plaza kopurua seira jaitsi zen, bigarren etxebizitza honek ez zituelako gutxieneko baldintzak betetzen hiru familia hartzeko. Plegu berriak ez du aurreikusten plaza galdu hori berreskuratzea, eta ohartarazi dute zazpigarren tokia ahalbidetuta ere ez lukeela aseko dagoen eskaria.

Langileek hainbat aldiz eskatu dute bilera bat Aldundiarekin, baina salatu dute Gorka Urtaran buru duen IFBS erakundeak uko egin diola haiek entzuteari. ESK sindikatuak ekainaren 20an kontratazioaren aurkako errekurtso berezia aurkeztu zuen, plegua bertan behera uzteko eskatuz, baina irailean ezezkoa jaso zuten. Horren aurrean, auzibidera jo dute, eta prozesua geldiarazteko eskatu neurri kautelar modura. Oraintxe bertan pleguak zabalik jarraitzen du, eta luzapena jaso du epeak akats tekniko baten ondorioz. Ez dago argi enpresarik aurkeztu den aldundiaren eskaintzara.

Sariak eta salaketa

Testuinguru honetan, Arabako Foru Aldundiak urriaren 21ean sari bat jaso zuen, CARME zentroa martxan jarri izanagatik. Zehazki, Grupo Social ONCE Euskadi 2025 saria. ONCEk zentroa saritu du, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei "ostatu eta laguntza emateagatik, bizitza hobea eta aberasgarriagoa izan dezaten". Langileek eta ESK sindikatuak salatu dute hipokresia dela lan gatazkaren erdian saria jaso izana. "Ez dago saririk aldundiaren murrizketak estal ditzakeenik", adierazi dute.

Zerbitzua enpresa pribatu baten bidez azpikontratatuta dago, eta ez da zuzenean aldunditik kudeatzen. CARME zerbitzutik kaleratuko dituzten zazpi langileak beste zerbitzu batean enplegatuko dituztela hitzeman die aldundiak, biktimei lehen harrera egiteko CAI zerbitzuan, kasu, CARME daraman enpresa berdinak kudeatzen baitu zerbitzu hau ere, Xilema fundazioak. Baina langileek salatu dute hori ez dela aldundiaren eskumena, eta balitekeela beste enpresa bat aurkeztea plegu berriko kontratura, eta honek ez lukeela zertan aldundiaren hitza bete.

Langileek adierazi dute emakumeen ongizatea dela haien kezka nagusia. "Ez dugu soilik kaleratzeengatik salatzen, baizik eta baldintza horiekin ezinezkoa delako emakume eta familien beharrei erantzutea. Zerbitzua indartu behar da, ez murriztu".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago