Gaur hasiko da bertsolari txapelketako sailkapen fasea Amurrion

Erredakzioa 2025eko urriaren 24a

Aroa Arrizubietak irabazi zuen Arabako azken Bertsolari Txapelketa. Argazkia: ALEA

Bost saioko sailkapenaren lehen deialdia gaur 20:30ean, Amurrioko Kultur Etxean. Urtarrilean hasiko da ofizialki txapelketa, eta martxoaren 28an izango da finala Gasteizen.

Badator Arabako Bertsolari Txapelketaren edizio berria. Sailkapen fasea hasiko da gaur, Aerrimatu izenekoa, Amurrion egingo den saioarekin. Guztira bost saio jokatuko dira urritik azarora bitartean, eta horien bidez hamahiru bertsolari sailkatuko dira urtarrilean hasiko den txapelketarako. 2024ko edizioko bost finalistak zuzenean sailkatuta daude, eta horrela osatuko da hemezortzi bertsolariko parte hartzaile taldea.

Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da, eta gainerako bertsolariak puntuazioaren arabera sailkatuko dira. 2024ko txapelketaren sailkapenaren arabera antolatu dira saioak, eta aurreko edizioan parte hartu ez zutenak hurrenkera alfabetikoan kokatu dira.

2026ko Arabako Bertsolari Txapelketa urtarrilaren 17an aurkeztuko da, eta martxoaren 28an amaitu, Gasteizen jokatuko den finalarekin. Bertsozaleek hitzordu garrantzitsuak dituzte aurretik, eta bertsolarien maila eta sormena berriz ere agerian jarriko dira Arabako agertokietan.

Sailkapen fasea

Amurrio - Urriak 24, ostirala, 20:30ean, Kultur Etxean  
Bertsolariak: Xabi Igoa, Maddi Agirre, Sabin Abarrategi, June Astegieta, Marta De Pedis eta Iosu Ordoñez  
Gai-jartzailea: Oier Azkarraga

Legutio - Urriak 26, igandea, 18:00etan, Kultur Etxean  
Bertsolariak: Aitor Ugarte, Danel Herrarte, Garai Agirre, Ainara Balantzategi, Kerman Lopez de Lacalle eta Maia Ortiz de Zarate  
Gai-jartzailea: Etxaun Otaño

Ozeta (Barrundia) - Azaroak 7, ostirala, 20:00etan, Barrundiako Udaletxean
Bertsolariak: Unai Anda, Rikardo Gonzalez de Durana, Hegoi Amabizka, Oinatz Basabea, Unai Mendibil eta Samu Rodriguez  
Gai-jartzailea: Marta Ugarte

Bernedo - Azaroak 8, larunbata, 18:00etan, Polibalentean  
Bertsolariak: Eli Zaldua, Martin Abarrategi, Irati Anda, Manu Bendala, Aitor Najera eta Ignacio Trojaola Gai-jartzailea: Ada Bier

Gasteiz - Azaroak 9, igandea, 18:00etan, Izaskun Arrue Kulturgunean  
Bertsolariak: Ekaitz Samaniego, Felipe Zelaieta, Andere Arriolabengoa, Iñaki Cabeza, Iraide Onaindia eta Markel Yoller  
Gai-jartzailea: Oier Suarez

Bertso puntuagarriak eta formatuak

Bertsolariek 10 bertso puntuagarri osatu beharko dituzte saio bakoitzean: Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; bakarka, hasierako puntua emanda, bina bertso zortziko txikian; eta amaitzeko, bakarka, gaia emanda, bina bertso neurri librean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago