Tzan Tzan Fest jaialdiaren hilabetea da urria Gasteizko Baratza aretoan. Euskal Herriko zein nazioarteko dantza garaikide ugarirekin gozatzeko proposamena egin dute, hamargarrenez, urriaren 24tik 26ra bitartean, Baratzan bertan eta Barrundian.
Ostiralean hasiko da jaialdia, 19:45ean, Barrundiako kiroldegian. Eskolako ikasleek egindako lanaren proiekzio bat ikusi ahal izango da, Garazi Lopez de Armentiarekin dantza lantzen aritu baitira zenbait egunez. Kalakalabeko Ricardo del Conde arduratuko da irudiak grabatzeaz eta muntatzeaz. Jarraian, bi pieza laburrekin jarraituko du hitzorduak. DeXeito konpainiako Pablo Vaazquez eta Saray Amorinek 77.000 lana aurkeztuko dute; Prestige petroliontziak Galiziako kostaldean 2002an isuritako tona kopuruari buruzkoa da datua. Pieza honek gertakari hori dantzaren bidez kontatzen du, gertakariaren, ondorioen eta mugimenduaren irudikapen propioa sortuz. Horrez gain, ingurumenaren hauskortasunaz eta ekintza kolektiboak larrialdi-egoeretan duen garrantziaz hausnartzera gonbidatzen ditu herritarrak. Ondoren, Amaia Elizaran gipuzkoarrak, Neønymus-ekin batera, Iraun aurkeztuko du, gorputzaren bidez izan ditugun berpizkunde eta berritze esperientziei buruzko hausnarketa egitera gonbidatzen gaituen bidaia emozionala.
Larunbatean, urriaren 25ean, Baratza aretoan, Gareth Philipsen Intermudane erakusketa bisitatu ahal izango da. Eta 20:00etan Idoia Zabaletak Orta edi nor-bat dantzan dantzatu eta errezitatuko du. Gertrude Steinek 1911 eta 1912 bitartean idatzi zuen poema, Isadora Duncan dantzariaren erretratua eginez. 2024an, Danele Sarriugartek eta Ane Garciak euskarara itzuli zuten poema. Oraingoan, Idoia Zabaletarekin batera dj Bihotza izango da.
Azkenik, urriaren 26an, igandean, hitzordu bikoitza izango da. 19:00etan, Gareth Philipsen Intermundane erakusketa aurkeztuko dute, Helena Wilhelmssonen laguntzarekin; musikaren eta mugimenduaren artean dagoen espazio inkontzientearen irudikapen fotografiko eta eskultorikoa da. 19:30ean, Twain konpainia italiarrak amaiera emango dio jaialdiari, Performance per corpi soli lanarekin. Publikoaren aurrean jartzen da, ironia eta eromenarekin jolasten du, ikusleen erreakzioez elikatzen da eta trukean hainbat iradokizun ematen ditu.
Tzan Tzan Festeko ikuskizunetarako sarrerak eskuragarri daude Baratzaren webgunean.