Tinder aplikazioa euskaraz erabiltzeko aukera zabaldu dute

Erredakzioa 2025eko urriaren 21a

Aplikazioaren ezarpenetan euskaraz erabiltzeko aukera gehitu dute. Argazkia: Tinder

11 hizkuntza berri gehitu dituzte aplikazioan, euskara, katalana eta galiziera barne. Hizkuntza aniztasunarekin duen konpromisoa azpimarratu du AEBetako Tinder enpresak.

Tinder, munduko harremanetarako aplikazio ezagunena, euskaraz erabil daiteke jada. Aplikazioak 11 hizkuntza berri gehitu ditu bere plataformara, horien artean euskara, galiziera eta katalanarekin batera. Enpresak nabarmendu du Tinder dagoeneko hizkuntza koofizial guztietan eskuragarri dagoela, eta bere konpromisoa berretsi du "inklusioa eta hizkuntza aniztasuna sustatzeko".

Euskara aplikazioan sartzeak aukera ematen die erabiltzaileei "harremanak beren hizkuntza propioan eraikitzeko, modu autentikoan eta gertukoan". Kenny Mayo Imery Tinderreko Globalizazio eta Nazioarteko Hazkundearen arduradunak adierazi duenez, "hizkuntza zerbait sakonki pertsonala da, gure adierazteko modua, besteekin konektatzeko era". Euskara gehituta, adierazi dute erabiltzaileek "euren ahotsean" bizi ahal izango dutela Tinderreko esperientzia.

Aplikazioa 190 herrialdetan dago eskuragarri eta orain 60 hizkuntzatan erabil daiteke, besteak beste albaniera, azeriera, bosniera, birmaniera, georgiera, jemerra, laoera, makedoniera eta suajiliera. Azaldu dutenez, hala Tinder munduko harremanetarako aplikazio "irisgarrienetako eta inklusiboenetako bat" bihurtu da.

Euskaraz harremanak egiteko aplikazioak ez dira berriak: lehenagotik ere izan dira euskaraz funtzionatzen duten alternatibak, kaixomaitia.eus webgunea kasu. Hala ere, enpresak adierazi du Tinder bezalako plataforma global batek euskara bere hizkuntza zerrendan sartzea urrats garrantzitsua dela "hizkuntza gutxitu baten normalizazioan eta erabileran". Erabiltzaileek Tinder aplikazioan edo Tinder.com webgunean hizkuntza ezarpenak alda ditzakete, euskaraz erabili ahal izateko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago