EHUko Argitalpen Zerbitzuak elikadurari lotutako lau gida berri argitaratu ditu aurten. Herritar guztientzako informazio irakurterraza sortzea izan dute helburu, betiere ebidentzia zientifikoetan oinarrituta. Farmazia eta Elikagaien Zientzien saileko Elikadura eta Obesitatea ikerkuntza taldeko ikerlariek egin duten lanaren emaitza dira gida hauek.
Zientziaren azken aurkikuntzak aintzat hartuta idatzi badituzte ere, ohartarazi dute liburuok ezin dituztela ordezkatu osasun langileen gomendio kliniko espezifikoak. EHUko Argitalpen Zerbitzuan daude eskuragarri liburuak.
Elikadura gidak
Lau gai landu dituzte gidetan. Proteinei buruzkoa da lehena, "gaurkotasun osoko gaia", egileen hitzetan. Azken urteetan asko aipatzen ari dira proteinak, eta hainbat mito eta zalantza sortu dira hauek kontsumitzeko moduari buruz. Hori argitzera dator Todo lo que necesitas saber sobre las proteínas gida. Tresna baliagarria izan nahi du gidak bakoitzaren proteina premiak ezagutzeko, eta adinekoei edo kirolariei zuzendutako berariazko neurriak ere baditu liburuak.
Elikadura uste faltsuei ere heldu diete orokorrean EHUko ikerlariek. "Elikagaiei buruzko mitoz eta promesa faltsuz betetako mundu honetan, erabaki osasungarriak hartzeko funtsezkoa da ebidentzia zientifikoa eta desinformazioa bereizten ikastea". Hala aurkeztu dute gida, Respuestas a dudas y creencias falsas sobre alimentación y nutrición. ¡Que no te lo cuenten! duena izenburu. Sare sozialetan zabaltzen diren elikadurari buruzko "buloei" aurre egiteko asmoz idatzi dute.
Osteoporosia duten gaixoentzako gomendioak ere bildu dituzte beste gida batean. Hezurren dentsitate galeraren aurrean komenigarriak diren ohiturak azalduko dituzte liburuxkan, hausturak eta lesioak ekiditeko. Bestalde, paziente onkologikoentzako elikadura gida bat ere aurkeztu dute, azalduz garrantzia berezia duela elikadurak minbiziarekin borrokan dabiltzanentzako. Ikerlarien esanetan, minbiziak askotan desnutrizio larria eragiten du, eta kasuen %22an desnutrizio hori izaten da heriotzen zuzeneko erantzulea.