Euskalgintza aktibatu eta dinamizatzeko langile bila dabil Taupa

Erredakzioa 2025eko urriaren 16a

Taupa mugimenduaren aurkezpen ekitaldia. Argazkia: Taupa

Lan eskaintza bat plazaratu du Taupak, euskara sustatzeko eta erabiltzeko egitasmoen kudeatzaile izateko. Urriaren 29ra arte eman daiteke izena.

Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak lanpostu berri bat zabaldu du Arabako euskaltzaleen mugimendua aktibatzeko, dinamizatzeko eta sustatzeko helburuarekin. Lanpostu honek euskararen erabilera bultzatzeko egitasmoen kudeaketa izango du ardatz, eta Gasteizen kokatuko da, jardunaldi osoko lanaldiarekin. Telelana egiteko aukera ere eskainiko da, Ermuko egoitzan lan egiteko aukerarekin batera.

Lanpostuaren eginkizun nagusiak Arabako euskaltzaleen mugimenduaren aktibazioa, artikulazioa eta saretzea izango dira. Horrez gain, Arabako estrategiaren eta plangintzaren inplementazioa, lurralde mailako ordezkaritza eta sentsibilizazio zein erabilerarako proiektuen hedapena, kudeaketa eta produkzioa ere sartzen dira eginkizunen artean.

Eskaintzan parte hartzeko, hainbat baldintza bete behar dira: Arabako lurraldea ondo ezagutzea, proiektuen kudeaketan eskarmentua izatea, pertsona dinamikoa eta autonomoa izatea, talde lanean jarduteko gaitasuna, harremanetarako trebetasuna, euskara maila altua (C1), soziolinguistikaren ezagutza, eta gidabaimena zein autoa izatea. Ezinbestekoak ez diren arren, beste hainbat ezaugarri ere baloratuko dira, halaber, ofimatika programak eta teknologia berriak erabiltzeko trebetasuna, jendaurrean jarduteko gaitasuna, euskalgintzaren ezagutza, Taupako kide izatea eta euskarazko C2 egiaztagiria.

Lan eskaintza hau Gasteizen kokatzen da, Taupa Euskaltzaleen Mugimenduaren eskutik, eta soldata zehaztu gabe dago. Hautaketa prozesuan parte hartzeko, interesdunek curriculum vitaea eta motibazio gutuna bidali beharko dituzte lanpoltsa@taupamugimendua.eus helbidera. Eskabideak aurkezteko azken eguna urriaren 29a izango da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago