Hispanitatearen Egunarekin batera joan den igandean Gasteizen egindako elkarretaratzean adierazitako baldintzak ez betetzea egotzi dio Ertzaintzak Falange Española erakunde ultraeskuindarrari, eta, ondorioz, espedientea ireki dio.
Zehazki, Jaurlaritzaren Segurtasun sailak gaur ezagutzera eman duenez, La unidad de España ni se vota ni se negocia lelopean Probintzia plazan egin zuten agerraldian Konstituzioaren aurreko banderak erabili zituztelako abiatu dute polizia prozedura. Modu berean, ustez Herritarren Segurtasunari buruzko Legea ez betetzea leporatu diote agerraldiaren sustatzaileari. Oharrean diotenez, deialdiaren arduradunek ez zuten saihestu faxisten artean gerora kolpatzeko erabiliko zituzten makilak egotea, eta Ertzaintzak agerraldia egiteko zehaztu zien eremua gainditu zuten.
Jaurlaritzak gogora ekarri du igandean Gasteizen izandako istiluetan hemeretzi atxilotu eta hogei bat ertzain zauritu egon zirela.