Palestinaren aldeko lanuzteak deitu dituzte asteazken honetan Hego Euskal Herriko sindikatuek. Hiru edo lau ordukoak izango dira, sindikatuaren arabera. ELAk lau orduko lanuzteak deitu ditu; beste sindikatuek, berriz, (LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta Hiru) hiru ordukoak egitera deitu dute. Hezkuntza sektorean, berriz, egun osoko greba egiteko deia egin dute sindikatuek.
ALEAk egunaren jarraipen berezia egingo du webgunean eta sare sozialetan.
Noiz egingo dira lanuzteak:
Sindikatuen gehiengoak (LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta Hiru) deitutako lanuztearekin bat eginez gero, honako ordutegiak zehaztu dira: gaueko txandan, 03:00etatik 06:00etara; goizeko txandan, 11:00etatik 14:00etara; eta arratsaldeko txandan, 19:00etatik 22:00etara.
Sindikatuek dei egin diete dendari eta tabernariei lanuztearekin bat egiteko, aldarrikapenak babesteko eta ordu horietan –11:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 22:00etara– lokalak ixteko eta mobilizazioetara joateko.
ELAren deialdiarekin bat eginez gero, honako ordutegi hauek ezarri dira: 03:00etatik 07:00etara —industriako ohiko txandetan, 02:00etatik 06:00etara—; 11:00etatik 15:00etara —industrian, 10:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 22:00etara—.
Hezkuntzan, egun osokoa:
Hezkuntzan, publikoan zein pribatuan, lanuzte hori egun osokoa bihurtzea erabaki dute LABek eta Steilasek, haur eskoletatik hasi eta unibertsitateetaraino. Hezkuntzan zerbitzua ematen duten eta azpikontratatuak diren garraio eta jantokiko begirale, sukaldari eta garbitzaileak ere deitu dituzte grebara. ELA sindikatuak ere lanaldi osoko greba deitu du hezkuntzan baita jantokietan eta eskola garraioan ere. Ikasle sindikatuek ere bat egin dute deialdiarekin.
Mobilizazioak, non eta noiz:
Gasteiz:
- 11:30ean, langileen zutabeak aterako dira honako toki hauetatik: Esmaltaciones, Santiago ospitalea, Txagorritxu ospitalea, San Martingo udal bulegoak, Boulevard, eta EHUko letren fakultatea. Ikamako gazte blokearen zutabeak EHUko Letren fakultatetik eta Bilbo plazatik aterako dira. Ordu berean, El Caminante-n mobilizazioa deitu du Ikasle Abertzaleak-ek eta ELAk, berriz, Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzan.
- 12:30ean, sindikatuen manifestazioa Andre Maria Zuriaren plazatik.
- 17:30ean, Palestinarekin Elkartasuna taldeak manifestazioa antolatu du Katedral berritik, Israel desegin, harreman oro eten lelopean.
- 19:30ean, Gernika-Palestina herri ekimenak mobilizazio zaratatsua deitu du Andre Maria Zuriaren plazan, Palestinarekin Konpromisoa. Genozidioa STOP! Haustura Israelekin, orain! lelopean.
Laudio:
- 19:30ean, Gernika-Palestina herri ekimenak mobilizazio zaratatsua deitu du udaletxearen aurrean.
Amurrio:
- 19:30ean, Gernika-Palestina herri ekimenak mobilizazio zaratatsua deitu du udaletxearen aurrean.
Agurain:
- 19:30ean, Gernika-Palestina herri ekimenak mobilizazio zaratatsua deitu du udaletxearen aurrean.
Langraiz Oka:
- 19:30ean, Gernika-Palestina herri ekimenak mobilizazio zaratatsua deitu du udaletxearen aurrean.
Guardian:
- 19:00etan, manifestazioa egingo dute Abat Dorretik.