"Bizitzeko eta lan egiteko modua" markatu dituzten industria ondareari lotutako 36 toki jaso ditu Aldundiaren Kultura sailak aurkeztu duen Industria Ondarea Araban liburuak.
Beatriz Herreras historialariak idatzitako liburuan, edukiak arloka antolatu dituzte: nekazaritzako elikagaiak, zerbitzu publikoak eta garraioa, kontsumo ondasunak, geologia eta paisaia, siderometalurgia eta energia.
"Hori guztia teknikaren historia, lanaren memoria eta ekoizpena uztartzen dituen ikuspegi batetik" azaltzen ahalegindu direla dio aldundiak, ohar batean. Diotenez, leku horietako batzuek oraindik lehen zuten funtzio bera izaten jarraitzen dute, baina beste batzuk erabilera berrietara egokitu dira, edo zaharberrikuntza baten zain daude.
Gasteizko KAS edop CEGASA fabrikak, Amurrioko Acha destilategia, Lantziegoko olio dolarea, Legutioko Ollerias denda, Langraiz Okako Kiskaltze labea edota Maeztuko Vasco-Navarro trenbidearen geltokia dira argitalpenak aztertu dituen lekuetako batzuk.
Argitalpenaren abiapuntua 2017an egin zuten Arabako Industria Ondarearen lehen diagnostikoa da. Ohiko formatuaz gain, PDF formatuan kontsultatu eta irakurri daiteke argitalpena, aldundiaren web orrialdean.