Bizimodu Independentearen Bulegoa inauguratu dute

Erredakzioa 2025eko urriaren 13a

Salburua auzoan dago gaur aurkeztu duten bulegoa. Argazkia: AFA

Eredu aitzindaria da Estatuan, eta desgaitasun fisikoa, adimen desgaitasuna eta gaixotasun mentala duten pertsonen arreta barne hartzen ditu.

Bizimodu Independentearen Bulegoa (BIB) jarri du martxan Aldundiak Gasteizko Salburua auzoan; desgaitasun fisikoa, adimen desgaitasuna eta gaixotasun mentala duten pertsonak batera artatzen dituen lehenengo bulegoa. Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak azaldu duenez, BIB "leihatila bakar gisa" sortu dute, desgaitasuna eta mendekotasun gradua duten pertsonei orientazioa, zalantzen argitzea eta bizi-proiektu propioa diseinatzeko laguntza eskaintzeko helburuarekin, pertsona horiek beren bizitza berdintasun baldintzetan garatu ahal izan dezaten.

Azaldu dutenez, BIBek bultzatzen duen bizimodu independentearen filosofia autodeterminazioan oinarritzen da, hau da, pertsona bakoitzak nola eta non bizi, norekin partekatu bizitza eta zer laguntza behar dituen erabakitzeko gaitasunean. Igor Nabarro koordinatzaileak azpimarratu du ikuspegi honek paradigma aldaketa dakarrela, bizitza propioa gobernatzearen garrantzia aitortzen baitu, eta aurreiritziak eta estigmak desagerrarazteko lagunduko duela. Proiektua Arabako Foru Aldundiak eta hirugarren sektoreko erakundeek elkarlanean eraiki dute, dibertsitate funtzionala duten pertsonen parte hartze aktiboarekin. BIBaren kudeaketa Geuk Erabakiz entitateak egingo du, Down Araba-Isabel Orbe eta Eginaren Eginez elkarteek sortutakoa.

Hasierako egiteko nagusien artean, alde batetik, bizimodu independentearen filosofiari buruzko informazioa eta aholkularitza eskainiko du. Bestetik, emantzipatzeko eta desinstituzionalizatzeko ekimenak sustatuko ditu, baita bizitza autonomoko proiektuak egiteko aholkularitza ere. Gainera, laguntzaile pertsonalen poltsa bat sortu eta kudeatuko du, horien prestakuntza diseinatzearekin batera, eta etxebizitza bilatzen lagunduko du. Azkenik, sinergiak sortuko ditu desgaitasunaren eta osasun mentalaren arloko elkarteekin, arreta integralagoa eta koordinatuagoa bermatzeko.

Arabak dagoeneko baditu bizimodu independenterako baliabide batzuk, hala nola Etxeko Laguntza Zerbitzua, laguntza produktuetarako dirulaguntzak edo laguntzaile pertsonalerako prestazioa. BIBek hasierako eskaintza hori zabalduko du datozen garapen berriekin, besteak beste, bizimodu independentearen prestazioa, laguntzaile pertsonalen poltsa, programak eta gaikuntza etxebizitzak, eta laguntza produktuen mailegua.  Argibide guztiak 945 024 666 telefonoan jaso daitezke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago