Araba Bizirik plataformaren baitako 23 talde eta erakundek deituta, energiaren eta industriaren alorrean Araban eraiki asmo diren proiektu handien aurka azaldu dira dozenaka lagun, larunbatean Gasteizko Probintzia plazan egindako agerraldi batean.
Deitzaileen aburuz, deskarbonizazio eta burujabetza energetiko diskurtsoen atzean enpresa multinazional daude; zehazki, "negozio milioidun pribatuak, funts putreak eta beren poltsikoak ate birakariz betetzen dituzten politikariak" aipatu dituzte.
Irakurritako adierazpen batean ziurtatu dutenez, Araban kontsumitutako energiaren %23 baino ez da elektrizitatea: urtean 2.800 GWh dira. Proiektu fotovoltaiko zein eolikoen bidez, ordea, 4.000 GWh emango lituzketela diote. Merlin Properties, Solaria edo Petronorrek proiektatutako datu zentroen eta elektrolizagailuen kontsumoa, berriz, urteko 7.000 GWh litzateke, antolatzaileek emandako datuen arabera.
Garraioaren inguruko balorazioa egin dute ere. Hala, Araba Biziriken esanetan, errepide bidezko garraioa "kontrolik gabe" hazten ari da. Hegazkinak ere aipatu dituzte, hegaldiek erregai fosilen kontsumoa handitzen dutela argudiatuz.
"Mundu finitu batean, hazkunde infinituko politika kapitalista horiek deskarbonizatzeko edo klima aldaketa ezeztatzeko edozein proiektu errealen aurka" doazela diote.
Kexu mintzo dira proiektu handien kontra aurkeztutako alegazioen aurrean —orotara, orain arte 58.000 alegazio inguru aurkeztu dituzte— "ezikusiarena egiten jarraitzen dutelako".
"Ez dituzte gure alternatibak aintzat hartzen, ez dituzte gure alegazioak erantzuten, ez dago elkarrizketarik, ez dago gardentasunik". Hortaz, sinetsita daude Jaurlaritza eta aldundia "negozio pribatuen zerbitzura" daudela, "landa eremuak, abeltzaintza eta nekazaritza babesik gabe utziz".
Onartzear den Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak Araba "ezertarako babesten ez duela" kritikatu dute, eta "industria makroproiektu" fotovoltaiko eta eolikoei "ateak irekitzen" dizkielakoan daude. "Enpresentzako opari bat da, mozorrotutako espoliazio bat", argudiatu dute.
"Paradoxikotzat" jo dute hirietan emisio gutxiko eremuak "inposatzen" diren bitartean, landa guneetan eta mendietan "industria eta logistikaz bete" nahi izana.
"Guztia irabazi pribatura bideratuta" dagoen honetan, honako eredu ekonomikoa proposatu dute: "Araba gure herriek, gure soroek eta gure lurrek osatzen dute. Gure nekazaritza jarduera da, abeltzaintzarena. Gure etxea da, gure lasaitasuna landa eremuko biztanleentzat eta hiriko pertsonen eskala handiko aisia".