Udalekuen harira hemeretzi salaketa daude jada

Juanma Gallego 2025eko urriaren 10a

Jasotako salaketak "larriak dira", Melgosaren arabera. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Emakunden beste hiru kexa aurkeztu direla ezagutarazi du gaur Melgosa sailburuak. 

Ertzaintzak dagoeneko hemeretzi salaketa jaso ditu Sarrea Euskal Udaleku Elkarteak Bernedon eta Nafarroan antolatutako udalekuetan izandako ustezko delituen harira, Nerea Melgosa Gazteria sailburuak gaur ezagutzera eman duenez. Horrez gain, Emakundek gaiaren bueltan beste hiru salaketa jaso ditu, eta Gasteizko epaitegi batek argibideak ireki ditu. 

Eusko Legebiltzarrean eman ditu azalpenak sailburuak. Datuak gaurkotzeaz gain, gaiari buruzko balorazioa egin du. Melgosaren irudikoz, ardura "antolatzaileena" da, baina, modu berean, errugabetasun presuntzioa mantendu beharra dagoela adierazi du. "Akusazioak ezin daitezke zabaldu begirale guztiei, eta ezin daiteke ere epaiketa paralelorik egon", erantsi du. Lehentasuna "dena argitzea" dela esan du, baina aurreratu du zenbait adingabek "inoiz bizi behar ez zuten zerbait" bizi izan dutela. Jasotako salaketak "larriak dira", Melgosaren arabera. Hortaz, Jaurlaritzak zein aldundiek lan mahai bat osatu dute egon liteezkeen "akatsak" bideratzeko. 

PP alderdiko Javier de Andresek "aurpegia eman" ez izana leporatu dio Imanol Pradales lehendakariari, eta EAJri "pasibotasun higuingarria" egotzi dio afera honetan. Araba mailan beste horrenbeste egin du alderdiak Ana del Val Kultura diputatuak Batzar Nagusietako batzorde batean atzo egindako agerraldian. Bertan Ana Salazarrek esan du Ramiro Gonzalezek azalpenak eman behar dituela, eta VOXekin batera Del Valen dimisioa eskatu du. Del Valek gaiaren kudeaketan "akatsak" onartu ditu, batez ere udaleku hori erregistratu gabe izan dutelako, baina Salazarri gogorarazi dio 2011-2015 urte artean PP foru gobernuan zegoenean ere erregistratu gabeko udalekua zela. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago