Enpresa erreferente arabarrak ikusgarri egingo ditu Made in Araba Day jaiak

Erredakzioa 2025eko urriaren 9a

Arabako enpresen ordezkariez lagunduta aurkeztu dute aurtengo edizioa: Argazkia: AFA

Bigarren edizioa du ekimenak, bertako enpresak kalean erakutsi eta herritarrei hurbiltzeko helburuarekin. Urriaren 18a izango da egun nagusia, baina 13tik aurrera antolatu dituzte jarduerak.

Arabako Foru Aldundiak Made in Araba Day ekitaldiaren bigarren edizioa aurkeztu du, Arabako enpresen proiekzioa, berrikuntza eta gizartearekiko hurbiltasuna sustatzeko helburuarekin. Ekimenak urriaren 18an izango du egun nagusia, Andre Maria Zuriaren plazan eta eta Probintzia plazan, eta bertan dozena bat enpresa erreferente eta karpa zentral bat bilduko dira. Karpa horretan, publiko guztientzako jarduerak eskainiko dira: zientzia dibertigarriko tailerrak, haurrentzako antzerkia, Made in Araba produktuen erakusketa, start-upen espazioa eta osasunaren eta biozientzien sektoreari buruzko elkarrizketak. Jarduera guztiak irekiak eta doakoak izango dira, eta programa osoa kontsulta daiteke Arabako Foru Aldundiaren webgunean.

Jarduera programa urriaren 13an hasiko da, Andre Maria Zuriaren plazan aste osoan egongo den erakusketa berezi batekin. Bertan, Arabako industriaren datu bitxi eta ezezagunak aurkeztuko dira, eta astean zehar enpresetara bisitak egingo dira ikasleentzako. Ekimenak osasunaren eta biozientzien sektorean jarriko du arreta bereziki, sektore horrek talentua erakartzeko eta atxikitzeko gaitasun handia duelako, eta garapen betean dagoelako Araban.

Saray Zarate Ekonomiaren Garapen eta Iraunkortasuneko diputatuak aurkeztu du ekitaldia Michelineko Maria Zabaleta eta AJL Ophthalmiceko Eva Larra ordezkariekin batera. Zarateren hitzetan, ekimenak bokazioak piztea, talentua erakartzea eta Araban egiten den ikerketa eta ekoizpenarekiko harrotasuna indartzea du helburu. Aurreko edizioan 30 enpresa baino gehiagok parte hartu zuten, eta aurten berriak gehitu dira, besteak beste, Laudiotik, Bastidatik, Legutiotik eta Moredatik.

Urriaren 18ko ekitaldi nagusian, karpa zentralak jarduera ugari hartuko ditu: pista jokoak, sariak, zientzia, antzerkia eta tailerrak, baita sektore estrategikoen inguruko elkarrizketak ere. Made in Araba txokoan, bisitariek lurraldean ekoizten diren produktu ugari ezagutuko dituzte, eta start-up espazioan enpresa hasiberri interesgarriak aurkeztuko dira. Plazetan, gainera, 12 enpresaren standak egongo dira, azoka moduko batean, eta bertan izango dira Mercedes Benz, Michelin, Aernnova, Vidrala eta beste hainbat konpainia.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago