Arabak ere 'turismo adimendurako' plataforma izango du

Juanma Gallego 2025eko urriaren 9a

Teknologiaren bidez, turisten portaera aztertu nahi du Arabak. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Diputazioak ia bi milioi euroko inbertsioa egingo du Gasteizko Udalak martxan duen antzeko egitasmoa gauzatzeko. Datuen erauzketan oinarrituta, bisitarien portaera aztertuko dute.

Gasteizko Udalaren adibideari jarraiki, Arabako Foru Aldundiak Turismo Adimendunaren Plataforma izeneko proiektua martxan jarriko du, eta 1.950.000 euroko aurrekontua bideratu du horretarako, Europako Batasuneko NextGenerationEU funtsen bidez finantzatuta, irailaren 30ean egindako Foru Gobernuko Kontseiluan onartu dute egitasmoa.

Besteak beste, une eta leku bakoitzera egokitutako narratibak eskainiko ditu zerbitzuak, audio, bideo, testigantza eta ikus-entzunezko baliabideekin.

Halakoetan gertatu ohi den moduan, bisitariaren portaeraren behaketa egiten ahaleginduko dira, turistek egiten dituzten ibilbideak, lehentasunak eta egonaldi denborak aztertuz. Horrez gain, inkestak, online erreputazioaren neurketa, gogobetetze maila eta hobekuntza proposamenak jasoko ditu plataformak. Aplikazio, QR kode, laguntzaile birtual, sentsore edo pantaila interaktiboekin aktibatuko dira edukiak. 

Bisitariaren datuei dagokienez, honakoak bildu nahi dituzte: profila, iristeko modua, bisitaren maiztasuna, interesak eta elkarrekintza digitalaren maila. Besteak beste, "espazioan izandako portaera" ere jasotzen saiatuko dira: egonaldi denborak, interes gehien piztu duten tokiak, edota Araban zehar egindako ibilbidea.

"Eredu honek ondare-turismoaren produktuaren ulertze integrala errazten du, neurgarria, ebaluagarria eta hobegarria den esperientzia gisa", dio lizitatuko duten kontratuaren agiriak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago