Hondakinen gaikako bilketa %41 izan da

Juanma Gallego 2025eko urriaren 7a

Iaz batez bestean arabar bakoitzak 397 kilo hondakin sortu zituen. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Zaborrera joaten diren materialen %59 oraindik nahasian botatzen dira Araban. Diputazioak "oso positibotzat" jo du datua, baina ekologistek diote "ziria sartzen ahalegintzen" ari direla.

Iaz arabarrek 134.768 tona hondakin sortu zituzten —397 kilo biztanle bakoitzeko—, eta horietatik %41 gaikako bilketa bidez jaso ziren, aurreko urtean baino %7 gehiago. Nahasita doazen hondakinen portzentajea, beraz, %59 izan zen, diputazioarentzat lan egiten duen Hondakinen Behatokiak bildutako datuen arabera.

Gaika jasotakoen artean, papera eta biohondakinak ——%10, bakoitzeko— izan dira gehien bereizi direnak. Beiraren eta ontzien kasuan portzentajea %6 izan da. Gainerako %8 beste hondakin motek osatzen dute.

Aurrekoetan bezala, Kripan da udalerri eredugarriena, bertan %78 bereizten baitute. %50 baino gehiago jasotzen duten beste udalerriak honakoak dira: Gaubea, Zigoitia, Zalduondo, Eltziego, Iruña Oka, Zuia, Barrundia, Arratzua-Ubarrundia, Navaridas, Donemiliaga, Bernedo eta Urizaharra.

Hondakinen Inbentarioan bildutako datu hauek "oso positiboak dira" Saray Zarate Jasangarritasun foru diputatuarentzat. "Joera horri eutsiz gero, Europatik ezarritako helburua —%50era iristea 2035ean— lortzeko aukera emango digute", ziurtatu du.

Eguzki talde ekologista ez dator bat Zarateren irakurketarekin. Ohar batean taldeak esan du foru erakundea "ziria sartzen" saiatu dela. Argudiatu dutenez, Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lur kutsatuen gaineko 7/2022 Legeak ezartzen du 2025 urterako gutxienez %55 bereizita jaso behar direla, eta 2035 urterako, berriz, %65. Ekologisten irudikoz, diputatuaren "muturreko autokonplazentziak" atzeratuko du "beharrezko neurriak" hartu ahal izatea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago