Ihuda ibaiaren ibilguan atzemandako isurketa baten ondorioz, alerta egoera ezarri zuten ostiralean Eusko Jaurlaritzako larrialdi zerbitzuek eta Gaztela eta Leongo Juntaren Babes Zibileko larrialdi zerbitzuek Berantevillako, Bernedoko eta Trebiñuko hainbat herritan. Ohartarazi zuten ibai horretako urarekin kontakturik ez izateko, ez pertsonek, ezta animaliek ere, "karramarroen heriotza nabarmena" atzeman baitzuten Urarte herriaren inguruan.
Isuriaren jatorria oraindik ezin izan dute zehaztu, eta aztertzen ari diren hipotesien artean dago nekazaritza edo abeltzaintza produkturen baten eraginez izatea. Hartara, URAk laginak hartu ditu karramarroen hiltzea eragin duen kutsatzailea zein izan den jakiteko, eta Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak baieztatu duenez, isurketaren jatorriari buruzko ikerketa abiatu dute.