⛅ EGURALDIA

Larunbat goiza zerumugan

Juanma Gallego 2025eko urriaren 3a

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Azken egunotan baino hodei gehiago izango ditugu, larunbat goizean nahiko garbi egongo bada ere.

Zeru hodeitsuekin etorriko da ostirala, erdi eta goi mailako hodeiez zipriztinduta. Eolok aldakor jardungo du, arratsaldean ipar osagaian finkatuta. Ez omen du aparteko indarrik izango. Tenperaturei dagokienez, nahiko altu mantenduko dira, 10 eta 25 gradu artekoan.

Larunbat goizean, lainoak altxatu ostean, zerua hodei gutxirekin geratuko da, baina arratsaldeak aldatzera egingo du, zerua oso hodeitsu geratu arte. Are, ordurako euri txikia bota lezake ere. Haizeak ez du indar askorik izango, eta hegoaldetik egingo du goizean, arratsaldean ipar osagaia hartuz. Tenperatura altuekin jarraituko dugu, 10 graduan hasita eta 27ra iristeraino.

Iganderako ere aldaketa hori geratuko da —goizean bederen—, zeru oso hodeitsuekin eta euriren bat botatzeko aukerekin. Arratsalderako hodeiek gutxitzera egingo dute. Haizea bezperan baino zertxobait animatuago egongo da. Tenperaturetan, jaitsiera nabarmena igarriko da, 7 eta 17 gradu arteko aldea baino ez dugulako izango.

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago