Eusko Legebiltzarrean tramiterako onartu dira gaur Euskal Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko bi proposamen, EAJk eta EH Bilduk egindakoak. Biek erantzun nahi izan diote lanpostu publikoetako euskara eskakizunak jasaten ari diren oldarraldiari. Azken bi urteetan euskararen aurkako 100 sententzia judizial zenbatu ditu EH Bilduk, "gehienak hizkuntza eskakizunen sistemari lotuak". Biek azaldu dute asmoa administrazioari legezko berme handiagoa emateko euskara eskakizunak ezartzeko orduan, baina anbizio maila ezberdinekin.
EH Bilduk proposatu du lanpostu publiko guztietarako eskatzea euskara, eta behin orokortasun hori ezarrita tokian tokiko errealitatera egokitzea, malgutasunez; langile batzuei aukera eskainiz postua hartu eta gerora ikasten joateko, administrazioaren laguntzarekin. EAJk berriz, udalen esku utziko luke euskara eskatu beharreko postuen kopurua zehazteko lana, eta eskakizun horiek legez "blindatzea" proposatu du, epaileen esku hartzea gutxitzeko. Legetik kentzea proposatu dute derrigorrezko indize batzuk bete beharra, argudiatuta indize horretatik etorri direla azkenaldian epaitegietako baliogabetze gehienak.
Tramiterako onartu dira gaur Legebiltzarrean, baina luze joango da oraindik eztabaida prozesua behin betiko testu bat izan arte, adostasunik lortzen bada. ELA sindikatuak elkarretaratzea egin du Legebiltzarraren kanpoaldean, eskatzeko administrazioan euskara ez dadila izan gaztelaniaren menpeko hizkuntza, eta eztabaidarako oinarri gisa EH Bilduren testua hartzeko eskatu du.
Berme juridikorako bi eredu
Markel Olano EAJko biltzarkideak adierazi du administrazio bakoitzak egokitu behar duela bertako errealitate soziolinguistikora, baina irizpide bakarra ez dela izan behar eskakizunak dagoen egoerara egokitzea. Aldiz, euskararen biziberritze prozesuak dituen beharrak ere kontuan izan behar direla eskakizunak ezartzerakoan. EAJren proposamenaren arabera, administrazio bakoitzak "zorroztasun osoz" zehaztu beharko du zein ehunekori jarriko dion hizkuntza eskakizunaren derrigortasuna, "proportzionaltasun irizpideen arabera justifikatuta", eta nahitaez bete beharreko indizerik zehaztu gabe. EH Bilduren aldeko bozka jasota onartu da tramiterako EAJren proposamena.
EH Bilduk "paradigma aldaketa bat" aurkeztu du, bere hitzetan, "administrazioaren euskalduntzean jauzi bat emateko". EAEko administrazio publikoko postu guztietan bi hizkuntza ofizialak eskatzea proposatu du. Salbuespenak jartzeko mekanismoak ere izango lituzkeela legeak, "malgutasunez eta enpatiaz" jokatzeko testuinguru bakoitzean egokitzerakoan, Josu Aztiriak azaldu duenez. Katalunia eta Galiziako legedian jada jasota daude EH Bilduk proposatutakoaren antzeko neurriak, eta Konstituzio Auzitegiaren eta Europako Batasunaren sententzia ugarik babestu izan dituzte horiek.
Salbuespenak ezarrita, langile guztiek ez lukete lehen egunetik euskara jakin beharko, baina plaza euskalduna litzateke, eta etorkizunean ikasi beharra ezartzen da lanpostuan bertan. "Geroratze indizearen formula" proposatu dute. Adibidez, herri batean %40ak ez badaki euskaraz, hamar postutik lauri eskaini dakioke postua euskara jakin gabe, eta administrazioaren erantzukizuna izango litzateke langile horrek euskaraz ikasteko erraztasunak jartzea. "Liberazioak eta trebakuntza plan pertsonalizatuak eskaintzeko betebeharra" izango luke erakundeak berak, EH Bilduren proposamenaren arabera. EAJ abstenitu egin da, eta EH Bilduren botoekin onartu da tramiterako.
Langile erdaldunen babesa
ELA sindikatuak mobilizazioa egin du goizaldean Legebiltzarraren kanpoan, barruan tramiterako onartzen ari ziren bitartean. Ohar batean EH Bilduren lege proposamena hobetsi dute, "aukera ematen duelako administrazioetan euskara erabat ofiziala bilakatzeko". Begi onez ikusi dute lanpostu publiko guztietan "gaztelaniaz gain" euskara ere exijitu ahal izatea, eta garrantzia berezia eman diote erdaldun elebakarrek eskubidea izateari beren euskalduntze prozesuan ibilbide pertsonalizatu bat izateko. Administrazioa euskalduntzea, "euskararen ezagutzarik ez duten langileen enplegua arriskuan jarri gabe".
EAJren proposamena kritikatu du ELAk, esanez euskara menpeko hizkuntza gisa mantenduko duela. Langileak gaztelaniaz lan egitera behartuko dituztela gaitzetsi dute, hizkuntza komun bakarra izango delako, "soilik gaztelaniaren exijentzia orokortua onartzen duelako". Langile ez euskaldunek beren kasa euskalduntzen jarraitu beharra ere kritikatu dute. "Laguntza egokiarekin eta arrazoizko epeak ezarrita, administrazioak erabat euskaldundu daitezke egun euskara ezagutu gabe lanean ari diren langile guztiekin batera, batzuei erretiroa hartzen utzita eta besteei ikasteko aukera errealak eskainita". ELAtik eskatu dute datorren eztabaidarako EH Bilduren proposamena izan dadila oinarria.
LAB sindikatuak ere EH Bilduren proposamenaren alde egin du, eta salatu du EAJren proposamenean udalen esku utzi izana euskara eskakizunen derrigortasuna. "Unean uneko arduradun instituzionalaren borondatearen esku geratuko litzateke" eskakizunen ehunekoa, eta euskalduntzean atzerantz egiteko arriskuaz ohartarazi du sindikatuak. Ausardia eskatu dio EAJri, PSEren presioei men egin ez eta euskarari "ahalik eta segurtasun juridiko handiena" emateko.
Comisiones Obreras sindikatuak, bere aldetik, bi proposamenen aurka egin du, argudiatuz "modu desproportzionatuan" handitu nahi dituztela euskarazko postuak, "egungo eskaria kanalizatzean zentratu beharrean". Adierazi dutenez, bi proposamenak urrundu egiten dira EAEko errealitate soziolinguistikotik, eta argudiatu dute hori dela nahitaez bete beharreko indizearen espiritua, eskakizunak egungo errealitatera egokitzea. Indize polemiko hori da EAJk kentzea proposatu duena. CCOOtik azaldu dute proposamen ugari dituztela administrazioaren euskalduntzeari begira, esaterako, euskaltegiak guztiz doan izatea, langileak liberatzea euskara ikasteko, ulertzeko gaitasuna berariaz aitortzea hizkuntza gaitasun orokorretik bananduta, eta gehiago sakontzea ahozko edo idatzizko gaitasunen desorekan, plaza bakoitzaren beharren arabera.