Extremofilo berriak aurkitu dituzte Gatz Haranean

Juanma Gallego 2025eko urriaren 2a

Maia Azpiazu ikertzailea. Argazkia: FERNANDO GOMEZ / EHU

Mikroorganismo halofiloen espezie eta genero berri bana deskribatu du Maia Azpiazu ikertzaileak. Bioteknologiarako izan ditzaketen potentziala nabarmendu dute.   

Añanako Gatz Harana muturreko baldintzetan bizi diren organismo extremofiloen -halofiloak, kasu honetan, gatz asko jasateko gai direlako- gordailu dela berretsi du EHUrako ingurunea aztertu duen Maia Azpiazu Muniozguren ikertzaileak.

Hezkuntza erakundeak gaur ohar batean ezagutzera eman duenez, harana mota honetako organismoen dibertsitatearen gordailu da, bai eta "taxon berrien eta konposatu bioaktibo interesgarrien etorkizun handiko iturri" ere.

Azpiazuren doktoretza tesiak espezie berri bat isolatu du: Alteripontixanthobacter muriae —SALINAS58T anduia—, eta genero berri bat: Anianibacter salinarum —ASV31T anduia—. "Horrek erakusten du Añanako Gatz Haranak potentzial handia duela aurretik identifikatu gabeko taxonen iturri gisa", adierazi du EHUren oharrak.

Ezagutza beraz gain, mikroorganismo horien azterketak bidea ireki dezake bioteknologiaren alorrean aurrerapenak egiteko. Horren arrazoi nagusia da gatz kontzentrazio handietara egokitutako organismoak izanik, gainerako organismoek ez dituzten ezaugarri bereziak dituztela. Besteak beste, bioplastikoak, pigmentuak, antibiotikoak edota kutsatutako lurrak lehengoratzeko estrategiak.

Zentzu honetan, gogoratu beharra dago Francis Mojica ikertzaileak Santa Polako (Alacant) gatzaga batean aurkitutako DNA erreplikazioetan oinarritu dela gaur egun edizio genetikoan luze eta zabal erabiltzen den CRISPR teknika ezaguna.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago