Araian hasi eta Murgian amaituko da aurtengo Hiru Handiak mendi lasterketa ezaguna. Guztira 1.000 korrikalari -3000 eskaera baino gehiago izan dira- eta 500 boluntario inguru bilduko dira Manuel Iradier txangolari elkarteak antolatutako ekitaldi honetan.
Lasterketa urriaren 11ko gauerdian hasiko da Araiako plazan. Hortik aurrera, Aizkorriko igoerari ekin ondoren, ordubetean (aurreikusitako ordua kontuan hartuta), parte hartzaileak Levear-Axpurutik (02:15), Landatik (04:10), Kruzeta mendatetik (05:10), Anbototik (06:18), Otxandiotik (07.02), Zubialdetik (08:31), Gorbeatik (09:26) igaroko dira, eta Murgiako helmugara lehenengo iritsiera 10:23ak aldera izango da. Guztira, 101 kilometroko ibilbide gogorra da izango dute, antolatzaileek azaldu dutenez, ingurune ederretatik igarotzen dena. "Orografia eta ingurune natural apartak ditugu, eszenatoki paregabeak horrelako kirol ekitaldiak hartzeko. Ibilbide hau bere gogortasunagatik eta gure paisaien berezko edertasunagatik nabarmentzen da", azpimarratu du Ana del Val Kirol diputatuak lasterketaren aurkezpenean.
Lasterkari gehienak Euskal Herrikoak badira ere, Estatuko eta atzerriko herrialdeetako partaideak ere izango dira. Nabarmentzekoa da emakumezkoen parte hartzea %19ra igo izana. "Mendia maite duen orok eta trailetan aritzen den lasterkari orok parte hartu nahi du lasterketa honetan. Ingurune natural paregabeak zeharkatzen ditu, eta zorrotz errespetatzen da ingurumena" esan du Arantxa Ibañez de Opakua Vital Fundazioko zuzendariak.
Nabarmentzekoa da, halaber, Manuel Iradier txangolari elkarteak, jasotzen duen babesa eskertzeko, kausa solidario bati ematen diola laguntza, eta aurten Elikagai Bankua GKEari emango diola.