2023an eta 2024an aitortutako eragiketen kopurua eta zenbatekoak erakusten dute kriptoaktiboen erabilera gero eta zabalagoa dela lurraldean. Arabako Foru Aldundiak zabaldutako datuen arabera, azken bi urteetan arabarrek kriptomonetak erabiliz lortutako ondare irabaziak nabarmen biderkatu dira.
EH Bildu taldeak Batzar Nagusietan aurkeztutako galderari emandako erantzunean Ogasun Saileko foru diputatu Itziar Gonzalo de Zuazok azaldu duenez, 2023an 67 zergadunek aitortu zituzten ondare irabazi edo galerak beren Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan, kriptomoneten transmisioagatik. Horietatik 38k irabaziak aitortu zituzten, guztira 166.911 euroko zenbatekoarekin, eta 29k galerak aitortu zituzten, 106.639 euroko guztirako zenbatekoarekin.
2024ko datuek, ordea, oso bestelako agertokia ematen dute, bai aitorpenen kopuruan zein, bereziki, irabazietan. Hala, 200 zergadunek ondare irabaziak edo galerak aitortu dituzte errenta aitorpenean. Horietatik 159k irabaziak izan dituzte, 1.625.603 euro eskuratuz. Beste 41ek, berriz, galerak aitortu dituzte, 241.80 euro galduz.
Aurten foru ogasunak hamalau pertsonen gaineko "egiaztapen jarduketak" egin ditu. Momentuz hiru laguni 212.034 euroko irabaziak atzeman zaizkie. Gainerako 11ri egindako kontrola oraindik bukatu ez dela argitu du Gonzalo de Zuazok.