Palestinako enbaxadak eskerrak eman dizkio Laudiori

Erredakzioa 2025eko irailaren 29a

Palestinarekin Elkartasunak deitutako manifestazioa, Gasteizen. Argazkia: PALESTINAREKIN ELKARTASUNA

Gasteizen manifestazioa egin dute igandean, Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideek, 'Eutsi, Palestina! Israel suntsitu! Palestinar erresistentzia aurrera' lelopean.

Laudioko Udalak jakinarazi du Palestinako Enbaxadak eskerrak eman dizkiola herriari eta erakundeari, azken hilabeteetan onartutako mozioen bidez Palestinarekiko erakutsitako elkartasunagatik. Husni Abdel Wadel enbaxadoreak bidalitako gutunean azpimarratu duenez, palestinarren estrategia "bake justu eta iraunkorra lortzea da, nazioarteko zuzenbidean, legezko legitimotasunean eta Nazio Batuen ebazpenetan oinarrituta".

Gainera, enbaxadoreak eskertu du Laudioko Udalak egindako "gaitzespen irmoa, Israelek gure herriaren aurka daraman genozidio politika salatzeagatik". Izan ere, 2023ko urritik Israelek Gazan abiatu zuen ofentsiba salatzeko, Laudioko Udalak bi mozio onartu zituen: lehena, 2023ko azaroan, Guerra y tiempo erakusketaren sustatzaileen ekimenez, eta bigarrena, 2024ko ekaineko osoko bilkuran. Horrez gain, udalak herritarrei irekita zegoen bilera bat antolatu zuen eta horren ondorioz sortu zen Laudio-Palestina Elkartasun Taldea, udalaren babesarekin.

Ainize Gastaka alkateak adierazi duenez, "Laudiok Palestinako herriarekin elkartasuna adierazten jarraituko du, bake justu eta iraunkor baten alde, Israelek egiten duen eraso bortitz eta amaigabeari aurre eginez".

Manifestazioa Gasteizen

Bestalde, herri mugimenduek ere beren jarrera argia erakutsi dute. Gasteizen manifestazioa egin dute igandean, Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideek, Eutsi, Palestina! Israel suntsitu! Palestinar erresistentzia aurrera lelopean. Salatu dute nazioarteko instituzioen "isiltasuna eta konplizitatea", eta gogorarazi dute herritarren mobilizazioa dela benetako elkartasuna frogatzen duen bidea.

Amaierako ekitaldian, Global Sumud Flotillaren ekimena babestu dute eta urriaren 4an Iruñean egingo den manifestazio nazionalean parte hartzera deitu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago