Adinari beste etxe bat: libre eta lagunduta

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko irailaren 27a

Asier Aranguren, Arantza Orbe, Jose Mari Lopez de Arbina eta Patxi Bezares, Leortzako Lurkoiko bazkideak. Argazkia: PHOT.OK

Etxebizitza berean espazio pribatuak baliabide partekatuekin konbinatzen dituzten proiektu autogestionatuak eta kooperatiboak ugaritu dira Euskal Herrian azken urteetan. Zahartzaroarekin lotu dira horietako batzuk. Leortzan Lurkoi proiektua jarri dute martxan duela bi urte, eta Murgian Lagungarri izenekoa ari dira lantzen. 

Leortzan sartu eta berehala ikusten da etxe zuri puska eder bat ezkerrean. Lur etxeko txakurrak agurtzen ditu bisitariak, eta berehala agertzen dira ere bertakoak ongi etorria ematera. Konponketa batzuk gorabehera, etxe zaharraren aspaldiko egitura gutxi aldatu da urtetan, aldatu dira ordea Arabako Mendialdeko paraje ederrean kokatuta dagoen etxeko egoiliarrak. Basetxe eskola izatetik erabilera lagapeneko Arabako lehen etxebizitza kooperatiba izatera igaro da Lurkoi. 

Cohousing edo coliving ere esaten zaio lurkoitarrek orain dela bi urte martxan jarri zuten proiektuari. Bizikidetza proiektua da oroz gain, baina kontuan hartzen dute ere adinez aurrera joan ahala zaintzak berebiziko garrantzia izanen duela, egoiliar batzuk dagoeneko erretiratuta daudelako eta beste batzuk erretirora iristear. "Menpekotasunaren arretaren meloi hori ez dugu oraindik ireki, ea nola kudeatu dezakegun. Esan genuen 2025ean hasiko ginela horri buruz hitz egiten", azaldu du Patxi Bezares proiektuaren sustatzaileak.

"Ezin gara erromantikoak izan, eguneroko bizitza ez delako erraza" 
PATXI BEZARES

Hasieratik asanblada bitartez hartu dituzte erabakiak Lurkoin. Hamar bazkide dira kooperatiban, eta funtzionamendu erabat demokratikoa dute. Ortua gobernatzeko, egurra egiteko, sukaldea antolatzeko, erosketak egiteko eta, jakina, elkarbizitza arazoak konpontzeko batzordeak sortu dituzte.

"Ezin gara erromantikoak izan, eguneroko bizitza ez delako erraza, baina egia da abantaila asko dituela gure ereduak: gastuak sozializatu, merkeago bizi, duintasun handiagoarekin bizi…, baina eguneroko bizimodua, harremanak, ez da erraza. Asanblada bitartez kudeatzen ditugu arazoak, eta batzordeen bitartez orain arte izan ditugun arazo guztiak konpondu ditugu", esan du Bezaresek.
Bi urteko ibilbidea egin ondoren oso pozik daude lurkoitarrak. Orain arteko bidea ez da samurra izan, ordea. Traba burokratiko ugari aurkitu dituzte administrazioaren aldetik, eta baita proiektua finantzatzeko arazoak ere.

Leortzako basetxe eskola

Orain dela hogei urte baino gehiago sortu zen asmoa Bezaresen beraren eta Jose Mari Lopez de Arbinaren kuadrillan. "Frantzia aldean cohousing proiektuak garatzen ari zirela irakurri nuen egunkarian, eta lagunekin hitz egin nuen horrelako zerbait gure artean martxan jartzeko", azaldu du. Azkenean tiraderan gordeta geratu zen ideia, eta 2019ra arte ez zuten berreskuratu.
Proiektua garatzeko tokia kasualitatez aurkitu zuten. "Patxi menditik txango bat egiten ari zela Leortzatik igaro zen eta Lurkoi basetxe eskolako jabearekin hasi zen hitz egiten. Basetxea salmentan zuen jabeak, eta Patxik gure proiektua aipatu zion. Azkenean prezioa adostu zuten", kontatu du Lopez de Arbinak. 

Hitza mantendu zuen jabeak hiru urtez. Izan ere, azkenik, 2022an lortu zuten sei gizonezkok eta lau emakumezkok osatzen duten "talde homogeneoa" biltzea, eta elkartzen hasi ziren tramiteak hasteko. Lehenbiziko urratsa erabilera lagapenerako etxebizitza kooperatiba bat sortzea izan zen. Arabako lehena. 

"Gu kooperatibako bazkideak gara, eta kooperatibak ematen digu bakoitzari espazio pribatu bat bizi osorako. Baina espazio hori ez da gurea izango sekula. Horrela espekulazioa ekiditen dugu. Nik alde egiten badut jarritako dirua itzuliko dit kooperatibak, eta bazkide berri bat sartuko da", azaldu du Bezaresek.

Traba ugariren ostean, lasaitasuna

Behin kooperatiba sortu ondoren subjektu juridikoa kooperatiba bera da, eta kapital soziala bazkideen ekarpenari esker lortzen da.Leortzakoen kasuan kooperatibak erosi du basetxe eskola, eta hipoteka kooperatibaren izenean dago. Bazkideak abalistak dira, eta hilabetero kuota bat ordaintzen dute, hirurehun euro ingurukoa, hipotekaren zatia eta etxearen gastu orokorrak ordaintzeko.

Euskal Herrian etxebizitza modalitate hori oso ezezaguna da oraindik, eta mota horretako kooperatibaren izenean etxea erosteko finantzaketa lortzea izan da arazo nagusietako bat. Gainera, duten adinarekin 30 urterako hipoteka bat ez zieten inola ere ematen ohiko banketxeetan. "Gordexolan horrelako etxebizitza bat sustatu dutenekin kontaktatu nuen, eta haiek esan zidaten Fiare Banka Etikoaren bitartez lortu zutela finantzaketa. Haiei esker lortu genuen guk ere hipoteka bat irekitzea, eta etxea erosi genuen 2023an".

Bestalde, Arabako Foru Aldundiak ez du erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatibarik aurreikusten inongo foru arautan. "Badaude beste kooperatiba mota batzuk, baina hau ez. Oztopo asko izan ditugu, batez ere burokratikoak. Gero eta proiektu gehiago agertzen ari dira gure antzekoak, eta aldundiak mota horretako kooperatibak ere aurreikusi behar ditu", salatu du Bezaresek.

Halere, oztopoak gainditu eta aurrera doa Lurkoi. "Gure ekonomia saneatuta dago, teilatua duela gutxi berritu dugu, orain biomasa bidezko berogailua jarriko dugu, eta oraingoz pozik gaude". Gainera, oso harreman estua izan dute hasieratik Leortzako herritarrekin, eta herriko ohiko jardueretan parte hartzen dute. 

Bizitzeko modu erakargarria dela azpimarratu dute ALEArekin bildu diren lurkoitarrek. Hamarretik hiru ohiko bizitokia dute Leortza, bi gainera erroldatuta daude, eta besteek pixkanaka herrian geratzeko asmoa dute. Arantza Orbe beste lau emakumerekin batera  interesatu zen proiektuan, baina azkenean bi bakarrik geratu dira Lurkoin. "Polita da proiektua, baina inportantea litzateke hemen denak bizitzea denbora guztian, nahiz eta lanagatik orain ez den posible. Hemen denak biziko bagina, desberdina litzateke, gure arteko komunikazioa errazagoa litzateke".

Europa iparraldetik Murgiara

Lurkoik hartutako ereduan Europa iparraldeko herrialde eskandinabiarrak aitzindariak dira. Bertan adinekoen etxebizitza kolaboratiboak edo cohousing senior etxebizitza modalitate bereziak bultzatu eta praktikara eramaten ari dira orain dela urte asko.

"Espekulaziorik gabeko asmoa da Lagungarri, irabazi asmorik gabekoa" 
EDUARDO ARRIOLABENGOA

Euskal Herrian zahartzaroa bestela bizitzeko hautua egiten duten herritarrak gero eta gehiago dira, eta azken urteetan adinean gora doazen euskal herritar ugari ohiko zaharren egoitzen alternatibaren bila ari dira. Gaurko adinekoek parte hartze maila handiagoa lortu nahi dute, indibidualismoaren aurrean elkarlanean oinarritutako ingurune komunitarioak bilatzen dituzte, autonomia, elkar zaintza eta zahartze aktiboa ardatz hartuta

Bide horretan Murgiako Karmeldarren orubean Lagungarri izeneko cohousing senior proiektua martxan jartzeko lan egiten ari dira hainbat lagun, Arrasate Taldearen aterkipean. 10.000 metro koadroko espazioan 51 apartamentu eraikiko dituzte, sukalde eta bainugela hornituekin, eta berdeguneak ere izango dituzte.

Eraikin nagusi bat izango dute, gainera, 800 metro koadrokoa zerbitzu komunitarioentzat. Zerbitzuen artean 24 orduko arretarako lau gela egokituko direla azpimarratu du Eduardo Arriolabengoa bazkideak, 3. graduko menpekotasuna izatera iritsiko direnentzako. "Guk ez dugu nahi behin autonomia galduta erresidentzia batera joatea, baizik eta bertan bizitzen jarraitzea". Halaber, sukalde bat, jantokia, bi gela handi erabilera anitzekoak eta coworking espazio bat izango dituzte.

Lurkoin erabili duten kooperatiba eredu berdina oinarri izango du Lagungarrik, Arriolabengoak azaldu duenez. "Kooperatiba bat sortuko dugu, eta kooperatibak apartamentuaren erabilera utziko digu bazkideoi, baina ez da gurea izango, ezin dugu alokatu, ezin dugu saldu. Espekulaziorik gabeko proiektua da, irabazi asmorik gabekoa". Bazkideek hasieran proiektuaren %30a jarriko dute eta bestea hilabeteko kuotaren bitartez ordainduko dute, Fiare Banka Etikoarekin lortu duten hipotekari esker.

HAPOa onartzeko zain

Arrasate Taldeak erosi du orubea eta kooperatiba sortzen denean bere esku utziko du. Une honetan Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketaren zain daude sustatzaileak, Karmeldarren orubean etxebizitzak eraikitzeko aukera izateko. Zuiako Udalak dagoeneko onartu du HAPOa eta aldundiaren behin betiko erabakiaren zain daude. "Behin hori onartuta lizentzia eskatu eta hasiko gara eraikina martxan jartzen", esan du Arriolabengoak. 

"Dagoeneko 39 apartamentu ditugu hitzartuta, eta 49 bazkide gara. Zortzi edo hamar bat bazkide gehiago behar ditugu. Izan ere, bazkideen %90ra iristen garenean sortuko dugu kooperatiba", azaldu du Arriolabengoak. Une honetan bazkide horiek lortzeko kanpaina betean daude, eta indar handia egiten ari dira bazkide gazteenak bilatzen, 50 eta 60 urte artekoak.

Oso talde heterogeneoa biltzen ari dela azpimarratu du Arriolabengoak."Bilerak eta topaketak egiten ari gara elkar ezagutzeko, bertara bizitzera joaten garenean ezezagunak ez izateko. Azken finean, proiektu hau delako proiektu autogestionatua, elkar laguntza bidez osatuko dena, eta bizitza aktiboa izatea ahalbidetuko diguna gure bizitzaren azken txanpan. Garrantzi handia ematen diegu bi urte hauetan egiten ari garen harremanei", esan du. Bazkideen artean arabarrak hogei bat edo dira, bizkaitarrak, gipuzkoarrak eta nafarrak ere badira, eta baita Katalunia, Almeria edo Valentziako lagunak ere. 

Murgian adineko ehun bizilagun berri jasotzeak eragina izango duela onartu du Arriolabengoak, baina Zuiako Udalarekin hitz egin dutela azaldu du. "Guk ez dugu ghetto bat egin nahi, herriko dinamikan normaltasunez integratzeko asmoa dugu, ekintzetan eta jardueretan normaltasunez parte hartu". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago