Josu Ozaita Azpiroz antropologoak zuzendutako Hatsa eta Saioa Miguel zinemagilearen Gatz Harana mikro-dokumentalek irabazi dituzte, hurrenez hurren, Eusko Label Film Mikrolaburren III. Lehiaketako lehen eta bigarren sariak. Donostiako Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzak antolatzen dute lehiaketa hori, HAZIren bidez, eta helburua da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hurbileko produktua zabaltzea eta babestea zinemaren bitartez, "baita nekazaritza, abeltzaintza eta arrantz munduan jasangarritasunari buruzko guztia sustatzea eta ezagutaraztea ere".
Hatsa film laburrak lortu du lehenbiziko Eusko Label saria, 6.000 eurokoa; Araba eta Nafarroa arteko mugako ikazkinen ogibidea erretratatzen du filmak, eta lurraldeko landa eta baso inguruneari sakonki lotutako antzinako jardunaren balioa berreskuratzen du. Filmean Arrea! jatetxeko Edorta Lamo sukaldariak parte hartu du.
Gatz Harana lanak, berriz, Gesaltza Añanako gatzaren ibilbidea erretratatzen du, eskuz ekoizten denetik eguneroko erabilerara arte, eta hark irabazi du bigarren saria, 4.000 eurokoa. Pedro Subijana sukaldaria izan da epaimahaiburua. Karmele Pikabea Euskober kooperatibako gerenteak eta Raimundo Ruiz de Escudero HAZIko zuzendariak osatu dute epaimahaia.
Sailkatutako gainerako film laburrak hauek izan dira: Amona, Gonzalo Santamariñarena; En el baserri / The Farm (Baserrian), Marta Hernaez Susperregirena; Lágrimas de Patxi, Mikel Urretarena; Nací leche para ser queso / Born Milk, Destined to Be Cheese (Esne jaio nintzen gazta izateko), Beñat Gereka Bikuñarena; Nautilus, Angel Aldarondorena, eta Zura eta itsasoa / The Wood and the Sea (La madre y el mar), Iker Elorrietarena.
Lehen aldiz Luces Cameros Acción film laburren jaialdiarekin lankidetzan proiektatutako lan bat sartu da ekitaldian. Errioxako El Rasillo de Cameros udalerrian egiten da jaialdi hori. Aukeratutako filma Luis Arrojoren Marciano García izan da, zeinak publikoaren eta interpretazio onenaren sariak lortu baitzituen aurtengo edizioan.