Miniature Pintxos Congress-ek Gasteiz miniaturako sukaldaritzaren hiriburu bihurtuko du irailaren 28tik urriaren 1era. Ekitaldi honek gastronomiaren profesionalak eta herritarrak bilduko ditu, eta hainbat jarduera eskaintzen ditu: txapelketa profesionalak, hala nola Pintxoen Txapelketa Nazionala, Euskadiko Gilda Innova Txapelketa eta Pintxo Gozoaren lehiaketa berria. Horrez gain, afari esperientziak eta omenezko ekitaldiak izango dira, Hilario Arbelaitz sukaldaria eta New Yorkeko Txikito jatetxearen omenez.
Jarduera profesionalekin batera, kongresuak programa herrikoi zabala ere badu. Miniature Pintxo Fest jaialdian, hiriko taberna eta jatetxe onenek euren pintxorik onenak eskainiko dituzte. Gainera, Miniature Kids tailerrak antolatuko dira, haurrek sukaldaritza modu dibertigarrian ikas dezaten. Ekitaldi guzti hauek gastronomiaren mundua herritar guztiei hurbiltzea dute helburu.
Miniature Pintxos Congress-ek pintxoaren kultura bultzatzeaz gain, balio kultural, sozial eta hezitzaileak ere sustatzen ditu, antolatzaileek azaldu dutenez. "Hala, gastronomiaren ondarea babesten, elikadura osasungarria sustatzen eta sektorean aukera berdintasuna eta inklusio soziala bermatzen laguntzen du". Guztira, 1.100 pertsona inguru, sukaldariak, gonbidatuak eta babesleak, bilduko dira hitzordu honetan.