Muga zergen aurrean prezio handiko produktuak proposatu ditu Jaurlaritzak

Juanma Gallego 2025eko irailaren 25a

'Premium' gamako produktuak indartzea proposatu dute. Argazkia: MIKEL ARRAZOLA / IREKIA

AEBek iragarritako neurriek elikagaien sektorean hamar milioi euroko eragina izango dutela kalkulatu du Lakuak. 

AEBek iragarritako muga zergen aurrean balore altuago produktuetan indarra jartzea proposatu du Jaurlaritzak, asteazken honetan lehen sektoreko eragileekin batera egindako Euskadiko Elikagaien Industriaren Defentsarako Taldearen bigarren bileran. 

Amaia Barredo Nekazaritza sailburuak babestu du foroak "diagnostiko errealista" bat egin duela egoeraren bueltan, eta modu horretan aukera izango dutela "lehen sektorea babesteko". Nabarmendu du egoerak lau sektoreri eragingo diela gehienbat, eta eragina are nabarmenagoa izango dela ardoaren sektorean. Iazko ardo esportazioak 35,5 milioi eurokoak izan ziren. Arrain kontserbena, 4,6 milioi eurokoa. Gaztan 600.000 euro esportatu dira, eta 234.000 sagardoaren kasuan.     

Ardoari dagokionez, balio handiko edo premium gamak indartzea proposatu dute, halako produktuen ohiko kontsumitzaileak "prezioarekiko hain sentikorrak" ez direlakoan.  Zentzu horretan, New York edo Kalifornia bezalako estatutan "ahalegina" jarri behar dela diote. Sagardoaren kasuan, kanal espezializatuen alde egitea, dastatzeko paketeak bezalako formatu "moldakorren" alde egitea eta sagardoaren historia zabaltzeko narratiba digital bat bultzatu asmo dute. 

Gaztei dagokienez, beste horrenbeste proposatu dute, "balio erantsi handiko" produktuak indartuz, "jatorri eta benetakotasun narratiba" sustatuz, eta "gourmet" nitxoetan zentratuz. Arrain kontserben merkatuan, berriz, kanal espezializatuak aipatu dituzte ere, "jasangarritasunean" eta "metodo tradizionaletan" indarra jarriz.   

Jaurlaritzak gogora ekarri du ezegonkortasun ekonomikoari aurre egiteko hainbat neurri hartu dituela aurretik. Besteak beste, Mexikora eta Japoniara egindako bidaiak argudiatu dituzte, bai eta EDA Drinks and Wine proiektua egiteko hamar miloi euro eman izana. Bide beretik, lehen sektoreari 150 milioi euroko laguntza eman diola aldarrikatu du Lakuak, eta enpresei likidezia emateko "finantza tresnetarako" beste 450 milioi jarri dituela ere. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago