Aurrekontu parte hartzaileen proiektu finalisten alde bozkatzeko epea zabaldu du Arabako Foru Aldundiak. 2026ko aurrekontuetarako hamasei proiektu daude aukeran, eta urriaren 24ra arte egongo da boza emateko aukera, Gobernu Irekia atariaren bidez.
Aurkeztutako proiektu guztiek aldundiko iragazki tekniko eta sozialak igaro dituzte, eta behin betiko zerrendan gelditu dira udalerri handietarako hiru proiektu, eta udalerri txikietarako hamahiru. 2.000 biztanletik gorako udalerrietarako gehienez bi proiektu finantzatuko dira, eta 2.000 biztanletik beherakoetan gehienez sei, kuadrilla bakoitzeko bat.
Herritarrak bozkatzera deitu ditu Iñaki Gurtubai Gobernantza diputatuak, esanez "boto bakoitzak Araba justuago, orekatuago eta parte hartzaileagoa eraikitzeko" balio duela. Araban erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsona guztiek eman ahal izango dute botoa, gasteiztarrek izan ezik, bere prozesu parte hartzaile propioak baititu hiriburuak.
Hamasei proiektu aukeran
Udalerri handien kategorian hiru proiektu izan dira finalista. Aiaran, Luiaondon, frontoiaren estalkia aldatu eta eguzki plakak jartzea, Laudion Lamuzako gaztelua bidezidor sarearen erdigune gisa birgaitzea, eta azkenik, Legution, udalerriko ekialdeko ingurabidearen urbanizazioa.
Udalerri txikietarako hamahiru proiektuak kuadrillaka banatuta daude. Aiaraldean proiektu bakarra dago, Artziniegakoa, dorreko erlojuak zaharberritu eta martxan jartzeari buruzkoa. Lautadarako ere proiektu bakarrak gainditu ditu iragazkiak: Iruraiz Gaunan, Erentxunen, bide berdearen ondoan aisialdirako gunea sortzea da proposamena.
Añanan berriz lau proiektu daude aukeran. Zanbranan garbitokia eta ingurua berreskuratzea, edota Erriberagoitiarako, Pobes eta Hereña arteko erroten bidean lanak egitea. Lantaronen, Bergondako bide berdea gaitzea proposatu dute, eta Gaubean Estulizko gaztelua sendotzea eta balioa ematea.
Gorbeialdean, Arratzua Ubarrundiaren barruan, Zurbaon, Otazu jauregiko artisau putzua birgaitzea proposatu dute, eta baita Erretana eta Urbina arteko Vasco-Navaarro trenbide zaharraren bide berdean esku hartzea ere.
Mendialdeko kasuan, Bernedoren herriko sarrera nagusia egokitzeko eskatu dute, eta Maeztuko Isaac Puente plaza birmoldatzea. Arabako Errioxan berriz, hiru aukera. Lapuebla de Labarcan bi, herriko hainbat jolasgune estaltzea edo udako udal igerilekuetan eraginkortasuna eta irisgarritasuna hobetzea. Hirugarrena Laguardiakoa da, Assako gazteluaren balioa nabarmentzeko eskatu dute.