Lautada eta Añana Gasteizekin lotzen duen autobus zerbitzua hobetuko du aldundiak

Erredakzioa 2025eko irailaren 24a

Lautadan eta Añanan bus zerbitzua hobetuko da. Argazkia: AFA

Bidaiak eta maiztasunak areagotuko ditu aldundiak, eta plaza gehiago dituzten ibilgailuak jarriko ditu.

Arabako Foru Aldundiak hobetu egingo ditu, urriaren 1etik aurrera, Alavabuseko 5. eta 13. lineak  –Lautada (Agurain, Dulantzi eta Araia) eta Añana (Langraiz Oka eta Boveda)–.  Bidaia eta maiztasun gehiago izango dituzte, bai lanegunetan zein asteburuetan.

Plaza gehiago dituzten ibilgailuak sartuko ditu aldundiak, eta, horretarako, Foru Gobernuaren Kontseiluak emakidaren kudeaketa kontratua aldatzea eta beharrezko finantzaketa gaitzea onartu du. Bi lineen zerbitzu eskaintza handitzeak urtean 334.000 euroko inbertsio publikoa ekarriko du.

Arabako Lautadako linea

Zehazki, Lautadak (5. linea)  beste bidai bat egingo du astelehenetik ostiralera, 06:55ean, Dulantzitik Gasteizera; halaber beste bidai batzuk egingo ditu: 08:30ean Araiatik Gasteizera, 09:55ean Dulantzitik eta 11:15ean Agurainetik.

Era berean, ordutegi egokitzapenak egingo dira, astelehenetik ostiralera, 14:00etan eta 15:00etan, Dulantzira itzultzeko autobusak egon daitezen; eta asteburuan, 16:30ean, Agurainera itzultzeko autobusak izango dira, eta 17:40an hiriburura joateko autobusa izango dute. Era berean, larunbat gauetan autobus bat egongo da 23:30ean Gasteiztik Araiara eta 00:35ean kontrako noranzkoan, gero eta handiagoa den eskaerari erantzuteko.

Aldaketa horiekin, Lautadak 12:30etik 22:30era autobusak hiriburutik ordurro izango ditu, astelehenetik ostiralera, eta ordu erdiro 12:30etik 15:30era.

Añana, bi gehiago asteburuan

Bestalde, Añanak (13. linea) ere eskaintza hobetuko du urriaren 1etik aurrera, bi bidai berri eginez: 19:15ean Gasteiz eta Uribarri Gaubea artean eta 20:25ean alderantziz. Hobekuntza horrek Pobes, Gesaltza-Añana eta Gaubeako zerbitzuen ordutegi tartea zabaltzen du, eta herritarrek larunbatetan eta igandeetan beranduago bidaiatzeko duten eskaerari erantzuten dio.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago