Arabak Biozientzien sektorearentzako pizgarri fiskalak ezarriko dituela aurreratu du gaur Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak politika orokorrari buruzko eztabaidaren lehen egunerako prestatu duen diskurtsoan. Momentuz ez du gaiaren bueltako xehetasun gehiagorik eman, baina aurreratu du egitasmoak "denbora" beharko duela, bai eta "elkarrizketa" ere; alabaina, pizgarri horiek "jauzi handia" ekar lezaketelakoan dago Gonzalez, lurraldearen "aberastasuna eta enplegua" sustatu aldera.
Ikus-entzunezkoen industriarako egun indarrean dauden zerga pizgarriekin alderatu du gaur botatako ideia; sektore horri dagokionez, Amurrion ikus-entzunezkoei eskainitako hub edo gune bat "gauzatzeko momentua" dela, bertan industria horretarako hainbat "espazio eta zerbitzu" eskainiz.
Aldundiak etxebizitzaren alorreko eskumenik izan ez arren, Gonzalezek babestu du foru erakundeak "inplikazio handia" duela etxebizitza eskuratzeko politiketan, eta horren adibide aurreratu du etxebizitza sustatzeko programaren lehen fasea Erriberagoitian eta Elosun abiaraziko dutela. Bide beretik, laguntzen berri emango duen bulego bat abiatuko dutela esan du, eta iragarri du ere 3.000 biztanletik beherako udalentzako laguntza lerro bat etxebizitza planak ahalbidetzeko.
Laudioko Guardian enpresaren egoeraz ere mintzo da diputatu nagusia, eta esan du Jaurlaritzarekin batera kudeaketak egiten jarraitzen dutela enpresaren instalazioetarako; esan duenez, "albiste onak" egon daiteke "denbora gutxian", bestelako xehetasunik eman gabe.
Besteak beste, ekintzailetza bultzatzeko Nexum Araba izeneko zentroa aipatu du, eta babestu du "industria gaitasunari eusteko" kanpoko langileak ekartzea. Norabide horretan, gogora ekarri du Mexikora egindako azken bidaia, eta esan du proiektu pilotu bat abiatuko dutela SEA Arabako Enpresekin eta El Marquesko (Mexiko) udalarekin automobilgintzaren eta aeronautikaren sektoreko ikasleak Arabara ekartzeko.