Kontzejuen iragan eta orainaz jardungo dute

Juanma Gallego 2025eko irailaren 19a

Elgorriagan bisita gidatua eta tailerra egingo dituzte. Argazkia: BASOTXERRI / COMMONS

Aldundiak eta Urrezko Zeledonen Elkarteak "bizitza demokratiko eta komunitarioaren" oinarri diren erakunde hauek izan duten rola aztertuko dute, bi hitzaldi eta bisita gidatu batekin.

Kontzejuen iragana eta oraina gizarteari hurbiltzeko jardunaldiak antolatu dituzte aldundiak eta Urrezko Zeledonek, ACOA-AKE Arabako Kontzejuen Elkartearekin eta ACOVI Gasteizko Kontzejuen Elkartearekin elkarlanean.

Orotara, gaiaren bueltan bi hitzaldi emango dituzte, eta Elorrian bisita gidatua eta tailerra egingo dituzte ere. Aldundiak iragarri duenez, jardunaldi horien xedea da herritarrei instituzioaren gaineko ezagutza helaraztea. EAEko "erakunde berezi" hau "herrien bizitza demokratiko eta komunitarioaren oinarritzat" jo ditu aldundiak.

Laura Perez Borinaga Lurralde Oreka eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak aurkezpenean adierazi du kontzejuak "autogobernu hurbilaren eta parte hartzailearen adibiderik onena" direla. Are, Espainian eredu bakarra direla, eta "Arabako nortasunaren parte".

Aldundiak nabarmendu du mendeetan zehar bizirik mantendu dituztela beren usadio eta ohiturak, eta "garai bakoitzera egokitzen" jakin dutela, "beren esentzia galdu gabe".

Lehen hitzaldia irailaren 23an izango da, Ignacio Aldekoa Kultur Etxean, Erdi Aroan izaten zuten gobernantzaren berri emateko. Jose Ramon Diaz de Durana historialaria eta Elena Martinez de Madina filologoaren esku izango da. Toki berean, baina irailak 30 dituenean, Jose Maria Ortiz de Orruño eta Martinez de Medina Aro Garaikideaz ariko dira, toki berean.

Elorriagarako bisita, berriz, Ismael Garcia Gomez historialariaren eta Martinez de Madinaren eskutik joango da. Urriaren 11n izango da hori, goizean, eta Kapare Zaldunen Etxea eta artxiboa zein San Pedro eliza bisitatuko dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago